URDAIBAI

Urdaibai

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak 230 km2-ko azalera du (Bizkaiko lurraldearen % 10), eta Oka ibaiaren bokalean dagoen Urdaibaiko estuarioak osatzen du. Estuarioaren inguruan, hainbat herri daude, Gernika, adibidez. Oso aukera ona da Urdaibai osoa goitik ikustea, hala nola, Oiz mendiko begiratokitik. Mendiak 1.036 m-ko garaiera du, eta aproposa da Urdaibairen edertasunaz eta dimentsioez jabetzeko. Halaber, Ereñozarreko San Migeletik edo Atxarreko San Pedrotik ikus daiteke, eta, diotenez, bi leku horiek dituzte erreserbaren ikuspegirik onenak. Bestela, mundu fantastikoa gustuko dutenak Mendatan dagoen “Bizkaiko Balkoira” joan daitezke. Oiz mendiaren hegalean kokatuta dago, Astoganako gailurraren azpian. Ama Birjinaren irudi batek bertara hurbiltzen diren ausartak babesten ditu, diotenez leku horretan sorginak biltzen baitziren akelarreak egiteko. Zalantzarik gabe, gustu oneko sorginak ziren (eta ikuspegirik onenak zituzten ere).

Urdaibai. Biosferaren Erreserba

Kondairak alde batera utzita, Urdaibaik oso aberastasun ekologiko handia du, eta leku paregabea dela esan daiteke. Mundakako edo Gernikako estuarioa ere deitzen zaio, eta Euskadiko hezegunerik garrantzitsuena da, benetako altxorra ornitologia gustuko dutenentzat. Izan ere, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua da 1994. urteaz geroztik. 200 espezie baino gehiago iristen dira bertara beren migrazioetan. Horietako batzuk ezohikoak dira Penintsulan, hala nola, branta musuzuria, beltxarga oihularia, izotz-ahatea eta eiderra. Izaro uhartean, Euskal Kostaldeko uharterik handienean, itsas hegaztien koloniarik handiena bizi da. Sarbidea ez da librea, baina itsasontzi batzuek ibilbideak egiten dituzte uhartea ezagutzeko. Beste itsas ibilbide batzuetan, berriz, zetazeoak ikus daitezke; inguru horretako beste jarduera zirraragarri bat da.

Urdaibai

Bestalde, Urdaibaik oso nortasun desberdineko eta denen neurriko hamabi hondartza ditu: hondartza handiak (Laida eta Laga, adibidez) eta itsaslabarretako kala txikiak (hala nola, Antzoras eta Lapatza). Guztien artean, Mundakako hondartza da nazioartean ezagunena, surflarien hondartza baita. Hondartza horretan sortzen den ezkerreko olatuak mundu osoko kirolari asko eta asko erakartzen ditu, eta oso giro alaia ematen diote herriari. Urdaibaiko inguruetan, Gaztelugatxeko Doniene eta Gernikako hiribildua ditugu. Gernikan, zuhaitz sinbolikoa eta Juntetxea ikus daitezke; oso bisitaldi gomendagarria da. Gaztelugatxeko Biotopo Babestuak Bakioren eta Matxitxako lurmuturraren artean dagoen Bizkaiko kostaldearen tartea hartzen du, eta bertan bizi diren espezieen artean, ekaitz-txoria dago, Europako itsas hegaztirik txikiena.

Hegaztiak

Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Urdaibai Bird Center zentroa kokatzen da, eta hegaztien, haien migrazioen eta habitaten ikerketa eta zabalkunde zientifikoan dihardu. Paduretako behatokietatik, ikertzaileek esku artean dituzten proiektuen lekuko dira bisitariak. Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen du, eta bertako instalazioen artean, ikus-entzunezko moduluak dituzten gelak (Euskalmeten meteorologiaren zabalkunderako gela eta zabalkunde zientifikorako gela), hiru begiratoki, hitzaldietarako gela bat eta harrera-eremua nabarmentzen dira. Bertan, Atlantiko Ekialdeko Ibilbidearen barruan Urdaibai kokatzen duen mapa bat dago ikusgai bisitarientzat.

Mundaka

Aholku bat nahi? Bisitatu Santimamiñeko koba (Bizkaiko Historiaurreko aztarnategirik garrantzitsuena), Foruko erromatarren garaiko herrixka, eta, jakina, Omako Basoa (Agustin Ibarrola euskal pintore eta eskultorearen obra artistikoa). Azken horretan, margotutako pinuen forma desberdina da leku batetik eta bestetik begiratuz gero. Ipuin magiko batean murgilduta egotearen sentsazioak harrapatuko zaitu berriz ere.