TRADIZIOAK

BASERRIA: IGARTUBEITI BASERRI MUSEOA

Igartubeiti Baserri Museoa

Euskadiko arkitektura zibilaren adibiderik bereizgarriena baserria da. Lurralde osoan ikus daitezke, mendietan, haranetan, herrietan eta hirietan. Han eta hemen sakabanatuta, lurralde honetako irudirik adierazgarrienetakoa dira. Harlangaitz-hormaz eta zurez eginda, paisaia alaitzen duten eraikuntza sendoak eta ederrak dira. Zumarragatik hurbil, Ezkion, Igartubeiti baserria dago, XVI. mendekoa eta oso ondo kontserbatua; egun, etxebizitza hauen funtzio guztiak azaltzen dituen museoa da.

Igartubeitei Museoko Baserriaren Dolarea

Bertan ikas daiteke sagarra nola zapaltzen den eta belarra nola lehortzen den, eta duela lau mendeko baserri batean bizitza nolakoa zen, zer jaten zen edota zer produzitzen zen. Denboran eta ohituretan barrena egindako bidaia da, harrigarria eta interesgarria, gidari adituen eskutik. Hori guztia Euskal Herriaren iraganaren lekukotasun interesgarria da, baita bertako gizartea ulertzeko modu egokia ere.

FRONTOIA

Zesta-Erremontean frontoian

Euskal pilota Euskal Herriko herri-kirol tradizionala da. Badago euskal joko horretatik tenisa jaio zela esaten duenik ere. Jokatzeko bi jokalari edo bi talde (bi jokalari talde bakoitzean) behar dira, pilota txandaka jotzen dute frontoia deitutako horma baten kontra, tanto bat lortzeko. Kasu askotan pilotak artisau-erara egiten jarraitzen dute, ezpelezko nukleoarekin eta latexezko eta artilezko hainbat geruzarekin, azken geruza larruzkoa izanik. Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzak jokatzen den kantxa motari Modalitate deritzo, eta kirola praktikatzen den erreminta eta erregelamendu desberdinei, berriz, Espezialitate esaten zaie. Pilotari handiek ospe handia dute gizartean. Haiek jokatzen ikustea benetan da ikusgarria, eta ulergarria da sortzen duten miresmena. Joko gogorra da, trebetasun handia eskatzen duena. Antzinako tradizioa izan arren, oso bizirik dirau eta beste leku batzuetara ere esportatzen da. Zesta-punta, adibidez, oso ezaguna da Miamin.

Esku pilota partidua

Euskal udalerri guztiek frontoia daukate, bertan hainbat espezialitate jokatzeko:
Trinketean paletarekin eta gomazko pilotarekin (gizonak eta emakumeak), paletarekin eta larruzko pilotarekin, eskuz (banaka eta binaka) eta xarearekin (edo sharearekin) jokatzen da.
36 metroko frontoian pala motzarekin, paletarekin eta larruzko pilotarekin eta eskuz (banaka eta binaka) jokatzen da. Goma trinkoko paletarekin ere bai.
30 metroko frontoian frontenisean (gizonak eta emakumeak) eta paletan gomazko pilotarekin jokatzen da.
54 metroko frontoian (frontoi luzea edo Jai Alai ere deritzo) zesta-puntan jokatzen da.
Gernika Jai-Alai frontoia, 1963an inauguratu zena, zesta-puntako, eskuzko eta palako partida handien lekuko izan da. Euskadin zesta-puntako hiru frontoi garrantzitsuenetako bat da. 1.500 ikuslerentzako edukiera du, eta astelehenetan jaialdiak programatzen ditu urte osoan zehar. Udalerriko etorkizuneko pilotariak prestatzeko eskolak ematen dituzte bertan.

ARRAUNKETA

Trainerua

Urtero, irailaren lehen eta bigarren igandean, Donostiako Kontxako Badian munduko arraunketa-lehiaketa ikusgarrienetako bat ospatzen da: Kantauriko Kostaldeko ontzi tipikoak diren traineruen estropada mitikoa. 100.000 lagun inguru biltzen dira badiako mendietan, Urgullen eta Igeldon, Pasealeku Berrian, kaian eta uhartean, hondartzetan eta mota guztietako ontzietan estropadak ikusteko. Ikusle horiek, era berean, ikuskizuna sortzen dute, gehienak beren traineruaren koloreekin jantzita joaten baitira, baldintzarik gabeko babesaren adierazgarri. Horrela, mendiak, hondartzak eta kaleak berdez, gorriz, urdinez, horiz… margotuta agertzen dira. Parte hartzen duten taldeen kolore guztiek ortzadar berezia osatzen dute. Giroa ezin hobea da. Hasi aurretik, Donostiako Parte Zaharrean apustu- eta iragarpen-mordoa entzun daiteke. Bitartean, kirol- eta arrantza-ontziak badiara iristen dira parte-hartzaileei animoak emateko, eta haien ahalegin ikaragarriari omenaldia egiteko sirenak jotzen dituzte, aldi berean banderak astinduz. Ikaragarria da Urgull menditik, estropadak ikusteko leku onenetik, ikusten den panoramika. Bertakoek nahiz kanpotarrek une horretako emozioa bizi dute. Eguerdiko hamabietan epaileak irteera ematen du.

Kontxako Estropadak

Bi txanda ateratzen dira zortzi traineru onenekin, eta lehen eguneko lau denbora onenek ohorezko txanda osatzen dute; azkenik, 3 miliako distantzia klasikoa bi luzetan zatitzen da, ziaboga bakarrarekin. Txoko guztietatik entzun daitezke animatzeko garrasiak. Oilo-ipurdia jartzen da dagoen energia ikusita. 20 minutu inguru arraun egiten dute, etengabe, banku finko baten gainean, hau da, indarra gorputzaren behealdearekin egiten dute. Tentsioa eta kontzentrazioa ikaragarriak dira, eta giroan nabari da hori. Une horretatik aurrera garrantzitsuena Kontxako Bandera, arraunlari guztiek lortu nahi duten garaikurra, irabaztea da; beraien urrezko domina olinpikoa da. Bandera hori Donostiako Itziar Alduntzinek eskuz egiten du, eta hark Maruja Carballo izan zuen irakasle 8 urtez Etxaide kaleko tailerrean. Artisau-tradiziorik onena garaikur garrantzitsuenarentzat. Kontxako estropadak 1879an egin ziren lehen aldiz, eta euskal herritarren arrantza-tradizioaren ondorioz sortu ziren.

Kontxako Estropadak

Bertako kostaldean balea asko arrantzatzen zituzten eta mendietatik balea bat ikusten zen bakoitzean arrantzaleei alarma-abisu bat ematen zitzaien, itsasora ateratzeko. Eta orduan ere ikusgarria zen guztiek lehendabizi iristeko egiten zuten ahalegina. Hura izan zen lehiaketa honen sorburua, orduan ere lehia baitzen nagusi. Lehen estropada egin zen unetik, arrakasta handia izan zuen ikusleen aldetik, betiko tradizio bihurtuz. Bigarren igandeko estropadak amaitzen direnean, ontziek traineru irabazleari porturaino laguntzen diote. Garaikurra entregatu ondoren jendeak beste mota bateko ospakizunari ekiten dio, Euskal Herriko gastronomia eta ardo bikainen ospakizunari, alegia. Amaiera ezin hobea egun ezin hobe batentzat.

AIZKOLARIAk

Aizkolari

Inolako zalantzarik gabe, enborrak mozteko lehiaketa munduko kirol ikusgarrienetakoa da, eta Euskal Herriko landa-eremuetan kirol nagusia da. Aizkolariek, halaxe deitzen zaie enborrak mozten dituztenei, ohiz kanpoko indarra izan behar dute, eta misteriotsu- eta adoretsu-fama izan ohi dute. Gainera, fisikoki nahiz buruz oso ondo prestatuta egon behar dira. Aizkolaria enbor gainera igotzen denean, ez dago atseden hartzerik eta estresa oso handia da. Kirol herrikoi honen jatorria Erdi Aroan dago, egurketariek eta ikazkinek enbor bat lehenago nork moztu apustu egiten zuten garaian. Denboraren poderioz finkatzen joan zen eta XIX. mendean lehiaketa hori jai herrikoien barnean sartu zen. Kirol hori gizonezkoek egiten dute batez ere, baina azken urteotan hainbat emakume aizkora hartzera animatu dira, besteak beste: Itziar Goenaga, Azpeitikoa; Kristina Saralegi, Leitzakoa, eta Maika Ariztegi, Iturengoa. Ikuskizuna eta epika bermatuta daude beti.

HARRI-JASOTZAILEAK

Perurena

Oso aspaldiko kirola izaki, harri-jasotzearen protagonistak harri-jasotzaileak dira, indar eta kemen aparta duten gizon eta emakumeak. Tradizionalki, gazteek erromeria eta jaietan pisu handieneko harria nork jasoko zuen egiten zuten apustu. Orduan, tamaina handiko edozein harrik balio zuen. XX. mendean arautu egin zuten eta orduraino erabili ziren harri irregularrei lau motatako forma estandarizatuak ezarri zitzaizkien: zilindrikoak, kubikoak, biribilak edo paralelepipedo angeluzuzen forma dutenak.

Perurena

Harri-jasotzaile mitikoena Victor Zabala 'Arteondo' izan zen, eta kirol horretan 1919 eta 1945 bitartean jardun zuen. Hala eta guztiz ere, kirol horretan iraultza ekarri zuen atleta Nafarroako Iñaki Perurena harri-jasotzaile karismatikoa izan zen, 100 kiloko harri bat 1.000 aldiz jarraian jasotzeko errekorra baitu 5 ordu eta 4 minutuan. 320 kilo arteko harriak jasotzen ere lehena izan zen. Hala eta guztiz ere, 2001. urtean, Mikel Saralegik, Perurena bezala leitzarra, errekorra hobetu zuen 329 kiloko harria jasota. Tradizionalki gizonena izan den kirol honek hainbat emakume ere erakarri ditu, adibidez, María José Sardón, bere errekorra 131 kiloko harri zilindrikoarekin duena, eta Miren Urkiola, errekorra 120 kiloko harriarekin duena. Erronkak bizirik dirau, kirol horren bilakaera etengabea baita.

Perurena

EUSKAL DANTZA

Aurresku

Zalantzarik gabe, herri baten sentimenaren eta izatearen adierazpenik sakonenetakoa da dantza. Euskal dantza soila, ederra, dotorea eta, zenbaitetan, ikusgarria da, eta bere kulturaren espirituaren isla da. Aurresku ezagunaz gain, Euskadiko dantza zeremonial adierazgarriena, dotoreziaz eta seriotasunez betea eta omenaldi gisa erabiltzen da, gaingiroki, dantzak hiru taldetan zatitzen dira eta denak antzinakoak dira. Erromeria-dantzek, aldiz, landa-eremuetan erromesei eta bisitariei parte har zezaten gonbidatuz egiten ziren dantzetan dute jatorria. Ezpata-dantzek oroitzapen eta ohorezko izaera dute, eta dantzariak edo dantzariek errespetua azaltzen dute. Azkenik, festa-amaierako dantzak daude, inauteri-dantzak, esaterako, urtearen aldi jakin baten amaiera eta zerbait berriaren hasiera ospatzen dutenak; ikusgarrienak eta deigarrienak dira. Festa pagano nahiz erlijiosoekin elkarlotuta daude, eta haien aniztasuna tradizio propioaren aberastasunaren adierazgarri da. Zuberoako maskaradak, urtarrila eta apirila bitartean, harrigarriak eta ederrak dira.

Dantza Lekeition

Inauterietan ere oso dantza ederrak ikus daitezke Beskoitze, Uztaritze edo Donapaleun, Baxenafarroan eta Lapurdin, edo Korpuseko segizio dotoreak Heleta, Iholdi, Armendaritze edo Itsasun. Gipuzkoan, Oñatiko Korpusa, Zumarragako ezpata-dantza edo Lizartzako inauteri-dantzak ikusgarriak dira. Bizkaian, Durangaldeko dantzari-dantza, Lekeitioko kaxarranka edo Markina-Xemeingo ezpata-dantza. Bestalde, Araban oso interesgarriak dira Eltziegoko dantzak, Gasteizko zortzikoa edo Ekorako kate-dantza, oso ederrak baitira. Dantza-jauziek ere edertasun lasaia dute; soiltasun handiko euskal dantza modalitate bat da, biribilean eta oso poliki dantzatzen dena. Edota mutxikoak, dantza-biribil bat, gogo onez parte hartzera hurbiltzen diren guztiak onartzen dituena. Dantza horiek guztiak Euskal Herriko jaietan ikus ditzakegu, eta horregatik, komeni da horien berri izatea, bidaia ondo aprobetxatzeko eta euskal kulturaren sakonera bere dantzen bitartez beste bidaia bat egiteko.