NATURAKO ESPERIENTZIAK

ARTZAIN EGUN BATEZ

Ardiak jezten

Patxi Solana ezagutzea eta haren ondoan egun batez artzain bihurtzea denon eskura dago gaur egun, eta oso esperientzia berezia da. Haren eskutik, Urkiolako Parke Naturalean, Atxarte gaztandegiaren ondoan kokatutako Alluitz Natura SL enpresako instalazioak bisita daitezke. Hasteko, ardiak jezten laguntzen zaio Patxiri eta, ondoren, mamia egiten ikasten da. Halaber, border collie arrazako Hari txakurrarekin batera, artalde bat gidatzeko lanaren sekretuak erakusten ditu Patxik. Ondoren, zeuk prestatutako etxeko mamia jan dezakezu; pozarren sentituko zara. Garaia bada, ardiei ilea nola mozten zaien erakutsiko digu Patxik. Eta hori ez da dena. Sakondu nahi duenarentzat, aparteko jarduerak daude sendabelar eta sendabide tradizionalak, gazta freskoa edota gazta-produkzioan soberan geratu den gazurarekin apain-mahaiko xaboia egiten ikasteko. Bizitza hobea eta osasungarriagoa izateko jakintza natural eta tradizional asko eta asko ikas daitezke.

URDAIBAIKO ITSASADARREAN BARRENA

Urdaibai

Urdaibaiko itsasadarreko ur urdinak distira egiten du eguzkipean. Egun argia dugu, eta itsasontzian paseatzea plazer handia da. Ontziratu nahi izanez gero, ez ahaztu behar irteera-ordua baino 15 minutu lehenago bertaratzea; oso garrantzitsua da. Bi aldeetan, ametsezko paisaiak eta arrantza-herri txikiak ditugu. Lehenik eta behin, Izaro uhartera joan gara. Bertan, frantziskotarren antzinako ermita baten aztarnak geratzen dira. Gainera, ubarroi eta kaio askoren bizilekua da. Hegazti horien karraka eta zalaparta zirraragarria eta ahaztezina da. Freskotasuna eta kresala sentitu ditugu aurpegian; ez dago pareko sentsaziorik. Handik, Ogoñoko itsaslabarrera abiatu gara. 300 metroko kareharriaren handitasuna ikusi dugu ur gainean, bai eta itsasoz bakarrik irisgarriak diren kobazuloak ere. Ondoren, Elantxobeko etxe eseki bitxiak ikusi ditugu. Itzultzean, Lagako hondartzatik igaro gara, eta geldialdi bat egiteko gogoa sartu zaigu, euskal kostaldeko hondartzarik basati eta ederrenetako bat baita. Hala ere, jarraitu egin dugu Urdaibaiko itsasadarreko sarrera eta Mundakako portua ikusi arte. Azken geldialdia Bermeon egin dugu. Edertasun paregabeko bidaia izan da.

FLYSCHAREN IBILBIDEA

Flyscha

60 miloi urtetik gorako historia dugu marraztuta flyschak osatutako itsaslabar ikaragarrietan. Harri sedimentario horiek planetako ikuskizunik bikainenetako bat eskaintzen dute, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen barruan daude. Itsasontzi batetik ikusita, dotore-dotore agertzen dira harrizko erraldoiak balira bezala, edota harrizko hondartzak balira bezala zabaltzen dira. Harri horien arteka eta lerroetan, denboraren arrastoa dago marraztuta, liburu batean bezala. Gidari aditu batek Geoparkeko sekretuak azaldu dizkigu. Lurrean dauden santutegi geologikoen artean garrantzitsuenetako bat da. Gidaria harrietan irakurtzeko gai da, hizkuntza magiko batean hitz egingo balu bezala, baina zientzia hutsa da txangoa egitera animatu garenoi azaldu diguna. Adibidez, dinosauroen suntsipena dago jasota harrietan. Itsasoz Zumaiatik Debara eta Mutrikura goazela, marinel-herri horien tradizioak azaldu dizkigu gidariak, eta bertako bizimoduak kulturan eta gizartean izan duen eraginaren berri eman digu. Mutrikura iristean, 45 minutu eman ditugu portua eta monumentu-multzo deklaratu duten hirigune historikoa ikusten. Hormetan eta kaleetan, historiaren arrasto gehiago aurkitu ditugu.

ARABAKO ERRIOXA

Guardia. Ysios Upategia

Ardoa ezagutzeko erarik onena... edatea. Eta lasaitasun osoarekin dastatzeko modurik onena Arabako Errioxako Ardoaren ibilbidea egiten duen Enobusa hartzea da. Enobusak Eibar, Bergara, Arrasate, Gasteiz eta Bilbo lotzen ditu Guardiarekin. Enobusaren barruan, mahastiak eta Erdi Aroko herri ederrak tartekatzen diren lur honen xehetasun eta berezitasunak azaltzen ditu gidari batek. Dena dela, ardoa ez da Arabako Errioxak eskaintzen duen gauza bakarra; trikuharriak eta oliba-olioa produzitzeko eiherak ezagutzeko aukera ere badago. Upeltegi bakoitzean, ardo baten zein bestearen berezitasunak azaltzen dituzte enologoek. Arratsaldez, Guardian, Erregeen Andre Mari elizako ataria eta lurpeko upeltegiak ikus daitezke, bai eta gotorleku izan zen hiribildu honetako jatetxe ugari eta ospetsuetako batera hurbildu ere. Komeni da, halaber, Ardoaren Erakustokia ezagutzea. Bertan, 3Dko film labur bikain baten bidez, Arabako Errioxako ardoaren kulturan murgildu ahal izango zara. Beste esperientzia interesgarri bat Bastida eta Eltziegoko hirigune historikoetan zehar bisitaldi gidatu bat egitea da. Edota ardoterapiako spa batean lasaitzea. Eskaintza zabala da, eta ardorik onenei lotuta dago beti.