4 INSTRUMENTU

TXISTU

Txistua hiru zuloko txirula zuzena da, nortasun handikoa, eta bere soinu bikaina XVI. mendeaz geroztik garatu du. Afinatzeko moduagatik, esan daiteke instrumentu honen soinu-aberastasuna mugagabea dela, txistulari bakoitzak mundu propio bat sortzen baitu oso soinu pertsonalekin. Hasieran, hegazti-hezurrekin egiten zituzten txistuak. XVIII. mendean, berriz, Ilustrazioko ideiak zekartzaten euskal noble batzuek txistuaren bilakaera bultzatu zuten, behar bezala afinatutako bi zortziduneko gama bat lortu arte. Gaur egun, instrumenturik ezagun eta miretsienetako bat da, osperik galtzen ez duena, eta Euskadiko edozein bazterretan entzun daiteke. Txistularien maila handia dela-eta, txistu-kontzertu batera joateak Euskadira iristen den ororen helburuetako bat izan beharko luke.

DANBOLINA

Danbolina danborraren antzekoa da, baina kaxa estuagoa eta luzexkagoa du. Jotzen dutenek zintzilik eraman ohi dute ezkerreko besotik, eta eskuineko eskuan daramaten ziriarekin jotzen dute. Hotsandikoa eta alaia da aldi berean; txistuarekin batera jo ohi da, eta ikuskizunak merezi du.

TRIKITIXA

Trikitixa XIX. mendeaz geroztik jotzen den akordeoi txiki bat da. Normalean, panderoarekin batera jotzen da, eta bikote horri trikiti deitzen zaio. Erromerietan eta herriko jaietan jotzen da batez ere.

TXALAPARTA

Txalaparta Euskadiko perkusio-instrumentu tradizionala da. Bi euskarri ditu, aulkiak edo bankuak izan daitezke, eta horiek material isolatzaileren baten gainean (arto-hostoen edo belar lehorraren gainean) jartzen dira. Jotzeko, txalapartari bakoitzak bi makila erabiltzen ditu, eta binaka jotzen da. Garai batean, auzolanen amaiera edo ezkontzak ospatzeko jotzen zen.