MARTÍN BERASATEGUI

SUKALDARI

Michelin Izar gehien dituen euskal sukaldaria da, zazpi, alajaina, baina orain 40 urte hasi zenean bezalaxe, sukaldaritzarekiko maitasuna erakusten jarraitzen du. Martin Berasateguik (Donostia, 1960) euskal sukaldaritza bikainaren sekretuak ez ezik, sukaldaritza frantziarrarenak ere menderatzen ditu, Didier Oudil chefaren edo Alain Ducasse chef mitikoaren eskutik ikasi baitzuen. Baina Martin Berasateguik haratago jotzen du beti, bere arrasto pertsonala utziz. Ikerketaren eta gustu ezin hobearen emaitzez goza daiteke egun dituen jatetxe anitzetan, eta, jakina, baita bere jatetxe nagusian ere, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Martin Berasategui jatetxean. Egindako ibilbide arrakastatsuaren ondorioz, sari ugari jaso ditu, besteak beste, Tourseko (Frantzia) François Rabelais Unibertsitateak 2013an emandako Honoris Causa Doktorea izendapena edo L’Ordre des Coteaux de Champagne zaldun izendapena 2014an. Gastronomiari buruzko dozena bat argitalpen ditu, esaterako, "La joven cocina vasca" (1996) eta "Más de 999 recetas sin bobadas" (2012).

Instagram
Web
Martín Berasategi
GALDERA-SORTA
Ez dut Euskadi ezagutzen, nondik hasi beharko nuke nire bisitaldia?

Zer esan dezaket?. Lehenik eta behin, Donostia, zalantzarik gabe. Hiria mutur batetik bestera eginez gero, ezinezkoa da Euskadirekiko lehen topaketak ez liluratzea.

Euskal gastronomiaren platerik onena…

Zaila da, asko daudelako, baina txipiroiak beren tintan eta legatz-kokotxak pil-pilean aukeratuko nituzke.

Zein da zure pintxorik gogokoena? Zuk egin ohi duzun baten bat agian?

Izugarri atsegin ditut Donostiako Parte Zaharreko Txepetxa tabernako antxoa pintxoak, txangurro krema duen antxoa pintxoa bereziki. Parte Zaharreko La Cuchara de San Telmoko Alex Montielek egindako beste edozein pintxo ere atsegin dut.

Euskal musikaren aniztasun aberatsaren artean, zein da zure kantu eta/edo egile kutunena?

Euskal musikak kantari bikainak ditu, eta ezinbestekoak dira Mikel Laboa eta Benito Lertxundi.

Arteari lotutako zein txoko (eliza, museoa, eskultura…) ez nuke galdu behar Euskadi bisitatuz gero?

Chillidaren Haizearen Orrazia, guk Haizeen Orrazia esaten dioguna, eta Guggenheim Museoa, jakina, biak Euskadiko leku adierazgarriak baitira.

Esadazu zuretzat oso berezia den Euskadiko txoko bat, bertan galtzea atsegin duzun bat.

Donostiako Parte Zaharreko kaleetan, haurra nintzenean bezalaxe.

Haurrekin bidaiatuz gero, nora joan beharko nintzateke edo haurrekin zein jarduera egin nitzake?

Donostiako Aquariuma leku zoragarria da eta ez dago bertako ikuskizunak liluratuko ez duen haurrik.

Zein aholku emango zenioke Euskadira lehen aldiz bidaiatzen duen pertsonari?

Herriaren edertasunaz eta aberastasunaz goza dezala, eta ahal izanez gero, uneoro bizitzaren alde topa egin dezala, Euskadi bizitza baita.

Zeren hutsunea sentitzen duzu zure lurraldetik urrun zaudenean?

Nire familia, lagunak eta hiria.

Zure ustez, Euskadiren gauzarik ederrena da…

Kantauri Itsasoaren suhartasuna, bere kostaldeen xarma berezia, eta jendearen begikotasuna eta jendetasuna.

Kanpoko lagunen bat bisitan datorkizunean, zer erakusten diozu derrigor?

Miramar Jauregitik egunsentia edo ilunabarra ikusi gabe joan ez dadin saiatzen naiz, ezta Donostiako kaitik paseo bat eman gabe ere.

Euskadi noiz dago ederrago, udaberrian, udazkenean, neguan edo udan?

Euskadi zoragarria da urte osoan zehar eta urtaro bakoitzak berezko xarma du.

Zein da Euskadiko zure festa edo ekitaldi gustukoena?

San Sebastian Eguna, jakina.