LOIOLAKO SANTUTEGIA

Loiolako Santutegia

Urola ibaiaren haranaren erdian, San Inazio Loiolakoaren Santutegi ikaragarria dago. Jesuiten ordena (Jesusen Konpainia) sortu zuen San Inazioren irudiari eta obrari jaioterriak berak zintzoki eskainitako omenaldia da. Carlo Fontana arkitekto italiarrak eraiki zuen XVII. mendean, eta santutegia egiteko, garai hartan arrakasta handia zuen estilo barroko erromatarra aukeratu zuen. Basilika izugarria da, tamainagatik (Vatikanoko San Pedroren basilika baino zertxobait txikiagoa da) eta handitasunagatik.

Loiolako Basilikaren sarrera nagusia

Erlikia-ontzi erraldoi bat bailitzan, eraikinak San Inazio Loiolakoaren etxea gordetzen du barruan, hegoaldean. Estilo mudejarreko dorre bat da, eta santuaren bizitza dago islatuta bertan. San Inazio aitzindaria izan zen, eta, besteak beste, idatzitako “Gogo Jardunak” dira horren erakusgarri; best-seller hori indarrean dago oraindik ere. Santutegiko liburutegi bikainean, milaka liburu interesgarriren artean, historiako hainbat garaiko eta hainbat hizkuntzatan idatzitako aleak daude.

Aldare nagusiaren kupula

Eraikinaren atzealdean, garai batean jesuiten baratzea izan ziren lorategi zabalak ibiltzeko eta gogoeta egiteko leku aproposa dira gaur egun. Gainera, leku honek mikroklima duela dirudi, ia beti eguraldi ona izaten baita. Lasaitasunak dena hartzen du hemen, eta gure garaian hain beharrezkoa den introspekziora gonbidatzen du. Frantzisko Aita Santu izendatu dutenetik (lehen Aita Santu jesuita da), jende asko etortzen da Loiolako Santutegira, Jesusen Konpainiaren jatorria eta Konpainiak espiritualtasunaz duen ikuspegia ezagutzera. Fededuna izan ala ez, nork bere buruaz asko ikas dezake leku honetan.