MILAKA URTE DITUEN HERRI BATEN SUSTRAIAK

Gernikako Juntetxea

Euskadi enigma bat da, bertako hizkuntzaren jatorria bezalaxe: euskara, Europako hizkuntza zaharrena. Enigma hori argitzeko era bakarra Euskadiko jendea eta bertako kultura zabala ezagutzea da, antzina-antzinako tradizioaz eta herri honen espiritua sortu duten erritu sakonez hornitutako kultura, alegia. Sinbolismo hori bera adierazten du Gernikako Juntetxeko zuhaitzak. Leku hori bertako gobernu-sistema propio eta bakanari eskainitako omenaldia da, enbor hil baten eta indarra, jakinduria eta askatasuna –euskal herriak bere DNAn daramatzanak– adierazten dituen enbor gazte baten bitartez. Euskal kultura-adierazpenen funtsak bizirik dirau, eta adierazpen horiek organikoki garatzen dira, iragana inoiz ahaztu gabe. Seinaleak askotarikoak dira, eta komeni da haiei erreparatzea kultura hau ulertzeko, kultura honekin maitemintzeko.

Frontoia. Esku-pilota

Pilotalekuak, esaterako, leku nabarmena du Euskadiko herri guztietan. Herri-kirolek sekulako lilura sortzen dute, harri-jasotzaile bat harriak altxatzen edo aizkolari bat enborrak mozten ikusita. Edota Donostiako Kontxako estropadak. Irailean 100.000 lagun inguru hurbiltzen dira Donostiara traineruek kirol honen saririk preziatuena –Kontxako bandera– lortzeko egiten duten ahalegina ikustera. Kantauri Itsasoko kostaldean baleak harrapatzen zirenean, baleengana iristen lehenak izateko ahaleginak egiten zituzten ontziek, eta horixe da kirol horren jatorria. Itsasoaren hurbiltasunaz gain, dantza tradizionalek zirrara eragiten dute, aurresku soila nahiz Inauterietako ospakizun harrigarriak izan.

Euskal Dantza

Eta ezin dugu arkitektura ahaztu, mendietan eta haranetan barreiatuta dauden baserriekin hasi eta arkitekturarik modernoetaraino. Izan ere, Euskadik etorkizunaren aldeko apustua egin du beti, aurrera begiratzen duen herria den seinale. Euskadiko kultura-ondarea hain da zabala, edonork aurkituko dituela bisitatzeko, ikasteko eta, batez ere, euskal kultura biziaz ongi jabetzeko lekuak.