KOSTALDEKO ESPERIENTZIAK

URDAIBAIKO ITSASADARREAN BARRENA

Urdaibai

Urdaibaiko itsasadarreko ur urdinak distira egiten du eguzkipean. Egun argia dugu, eta itsasontzian paseatzea plazer handia da. Ontziratu nahi izanez gero, ez ahaztu irteera-ordua baino 15 minutu lehenago bertaratzea; oso garrantzitsua da hori. Bi aldeetan, ametsezko paisaiak eta arrantza-herri txikiak ditugu. Lehenik eta behin, Izaro uhartera joan gara. Bertan, frantziskotarren antzinako ermita baten aztarnak geratzen dira. Gainera, ubarroi eta kaio askoren bizilekua da. Hegazti horien karraka eta zalaparta zirraragarria eta ahaztezina da. Freskotasuna eta kresala sentitu ditugu aurpegian; ez dago pareko sentsaziorik. Handik, Ogoñoko itsaslabarrera abiatu gara. 300 metroko kareharriaren handitasuna ikusi dugu ur gainean, bai eta itsasoz bakarrik irisgarriak diren kobazuloak ere. Ondoren, Elantxobeko etxe eseki bitxiak ikusi ditugu. Itzultzean, Lagako hondartzatik igaro gara, eta geldialdi bat egiteko gogoa sartu zaigu, euskal kostaldeko hondartzarik basati eta ederrenetako bat baita. Hala ere, jarraitu egin dugu Urdaibaiko itsasadarreko sarrera eta Mundakako portua ikusi arte. Azken geldialdia Bermeon egin dugu. Edertasun paregabeko bidaia izan da.

FLYSCHAREN IBILBIDEA

Flyscha

60 miloi urtetik gorako historia dugu marraztuta flyschak osatutako itsaslabar ikaragarrietan. Harri sedimentario horiek planetako ikuskizunik bikainenetako bat eskaintzen dute, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen barruan daude. Itsasontzi batetik ikusita, dotore-dotore agertzen dira harrizko erraldoiak balira bezala, edota harrizko hondartzak balira bezala zabaltzen dira. Harri horien arteka eta lerroetan, denboraren arrastoa dago marraztuta, liburu batean bezala. Gidari aditu batek Geoparkeko sekretuak azaldu dizkigu. Lurrean dauden santutegi geologikoen artean garrantzitsuenetako bat da. Gidaria harrietan irakurtzeko gai da, hizkuntza magiko batean hitz egingo balu bezala, baina zientzia hutsa da txangoa egitera animatu garenoi azaldu diguna. Adibidez, dinosauroen suntsipena dago jasota harrietan. Itsasoz Zumaiatik Debara eta Mutrikura goazela, marinel-herri horien tradizioak azaldu dizkigu gidariak, eta bertako bizimoduak kulturan eta gizartean izan duen eraginaren berri eman digu. Mutrikura iristean, 45 minutu eman ditugu portua eta monumentu-multzo deklaratu duten hirigune historikoa ikusten. Hormetan eta kaleetan, historiaren arrasto gehiago aurkitu ditugu.