EUSKAL KOSTALDEA

KANTAURI ITSASOKO ALTXORRA

Euskal Kostaldeko herri eta hondartzak berdez eta urdinez inguratuta daude, mendiaren eta Kantauri Itsasoaren arteko sinbiosi perfektu batean, eta ezagutu beharreko altxorra osatzen dute.

Euskal Kostaldea

Itsasbeheran oinez uharte batera joateko aukera ematen duten herriak. Itsasotik atera berri diren arrainik gozoenak parrillan, txakolin on batekin. Kresalaren zaporea ezpainetan. Aurrean, Kantauri Itsasoa beti, eta, atzean, mendi berdeak. Oro har, horrelakoa da Euskal Kostaldea, Ipar Euskal Herritik Bizkaiko azken muturreraino, Kantabriarekin mugan. 176 kilometroko eremu horretan, Euskadiko herririk ederrenetako batzuk daude, eta ondare artistiko aberatsa eskaintzen dute guztiek. Gainera, hondartzek nortasun propioa dute, eta aukera guztiak eskaintzen dituzte: familia-giroa, bikoteentzako bazter erromantikoak, surflarientzako olatu bikainak, eta abar. Paregabea da, halaber, turista anitz erakartzen dituzten askotariko itsas kirol eta golf eskaintza.

Txingudiko Badia

Txingudiko badian, hots, Bidasoa ibaia itsasoratzen den lekua da ikuskizun bikainaren abiapuntua. Munduko lekurik ederrenetako bat da; Hondarribiak eta Irunek alde batean, eta Hendaiak bestean, triangelu aparta osatzen dute, eta bertan ikusitako ezaugarri batzuk bidaia osoan zehar agertuko zaizkigu. Herri ederrak eta ongi zainduak, itsas kutsuko arkitektura bereziarekin. Goi-mailako sukaldaritza, itsasoko produktu freskoetan eta ardo bikainetan oinarritua. Norbera galtzeko kaleak eta edozein txokotan altxor artistikoak aurkitzeko aukera. Erromesaldi-lekuak, non jendearen debozioari eta maitasunari esker energia berezia sentitzen den. Aspaldi-aspaldiko kultura baten ezaugarririk bereizgarrienak agerian uzten dituzten jaiak. Herritarren eta itsasoaren arteko lotura estuaren adierazpideak (haiei buruz gehiago jakiteko, bi aukera daude: askotariko museo eta interpretazio interesgarriak, edota barrako elkarrizketak, pintxoak jaten ditugun bitartean). Getaria, Juan Sebastián Elkanoren –munduari bira eman zion lehen itsasgizona– eta Cristóbal Balenciagaren –modaren maisu handia– jaioterria (Balenciagaren museoak 1.600 sorkuntza ditu ikusgai, eta beste plus bat da).

Elantxobe

Bermeoko Gaztelugatxeko San Joan ermita, Euskal Herriko lekurik bisitatuenetako bat. Edo Elantxobe, itsaslabarretatik zintzilik dagoela dirudien marinel-herria. Ikusteko eta gozatzeko leku asko eta asko daude. Horregatik, komeni da denbora hartzea. Euskal Kostaldeko Geoparkean, esaterako, hondartzak, flyschak sortutako itsaslabarrak, kareharriak eta hareharri sedimentarioak ikus daitezke; guztiek lurraren historiaren berri ematen digute.

Mundaka

Mundaka, ezkerreko olatuak ospetsu bihurtu duen herria, Mundaka itsasadarraren ezkerraldean kokatuta dago, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban bertan. Gomendagarria da kostalde osoa zeru desberdinekin ikustea. Kantauri Itsasoak eragindako klimatologia oso aldakorra da. Eguna eguzkitsu agertu arren, baliteke ordu erdian zerua iluntzen duen ekaitz izugarri bat iristea eta tenperaturak bat-batean behera egitea. Orduan hauteman daiteke antzinako lur honen edertasun gordina bete-betean. Baita lur honen misterioa ere. Gordetzen dituen altxorrak edonorentzat daude eskuragarri, horretarako denbora eta gogoa izanez gero.

Irudiak