JAVIER AGUIRRESAROBE

ARGAZKI ZUZENDARIA

Zinematografiako Sari Nazionala eta 6 Goya Sari irabazi ditu argazki-zuzendari gisa. Javier Aguirresarobe (Eibar, 1948) munduko zinema argazkilaritzaren profesional onenetako bat da. Lortutako sei Goya Sarien artean, lehena Pilar Miróren Beltenebros filmarengatik jaso zuen 1991n. Bere arrastoa eta argia daramate, halaber, beste hainbat film arrakastatsuk ere: Alejandro Amenabarren Los Otros eta Mar Adentro, eta Pedro Almodóvarren Hable con ella. Hollywooden egindako ibilbidean, film handietan parte hartu du, besteak beste, Woody Allenen Blue Jasmine, La Carretera –Cormac McCarthy Pulitzer Sariaren izen bereko eleberrian oinarritua– etaTwilight sagako filmetako bitan: Luna Nueva eta Eclipse. Egun, Gil Kenanek zuzendutako Poltergeist filmaren remake-a estreinatzeko du. Argazkilaritza erabat menderatzen du, eta argiaren magotzat jotzen dute.

IMDB
Javier Aguirresarobe
GALDERA-SORTA
Ez dut Euskadi ezagutzen, nondik hasi beharko nuke nire bisitaldia?

Ilunabar eder baten aukera baldin bada, Donostiako Kontxan barrena paseatzea ahaztezina izango da bisitariarentzat. Lehen irudi hori betiko geratzen da.

Euskal gastronomiaren platerik onena…

Albizturren babarrun gorriak jan nituen eguna gogoan dut. Sekulakoak iruditu zitzaizkidan. Eta, zergatik ez, gure plater bikainen artean, bakailaoa pil-pilean edo legatza saltsa berdean aipatu daitezke.

Zein da zure pintxorik gogokoena? Zuk egin ohi duzun baten bat agian?

Nostalgia zalea naiz, eta, horregatik, gilda tipikoa esango dut, edo, bestela, arrautza egosia, antxoa eta ganba maionesa ukitu batekin daraman betiko pintxoa.

Euskal musikaren aniztasun aberatsaren artean, zein da zure kantu eta/edo egile kutunena?

Mikel Laboa eta euskal musika herrikoiaren kantu klasikoek hunkitu naute beti.

Arteari lotutako zein txoko (eliza, museoa, eskultura…) ez nuke galdu behar Euskadi bisitatuz gero?

Guggenheim Bilbao Museoa, zalantzarik gabe, baina ez ditzagun ahantzi Bilboko Arte Ederren Museoa edo Arantzazuko arkitektura gunea.

Esadazu zuretzat oso berezia den Euskadiko txoko bat, bertan galtzea atsegin duzun bat.

Eibartarra naizenez, galdu behar izanez gero, Kalamua mendian barrena galduko nintzateke, Urkoren itzalpean, eta altuera hartatik Markinako bailararen ikuspegiaz gozatuko nuke, egun gardenetan itsasoa ere ikus daiteke eta.

Haurrekin bidaiatuz gero, nora joan beharko nintzateke edo haurrekin zein jarduera egin nitzake?

Haurrek fantasia dute gustuko. Nire seme-alabekin Urgull edo Ulia mendietan jolasten nintzela gogoratzen dut, eta piratei eta itsas abenturei buruz hitz egiten nien. Euskadi naturari irekitako eremua da. Haurren fantasia mundua ez da jolas-parke batera mugatu behar. Hondartzan, mendietan… gozatu dezakete haurrek.

Zein aholku emango zenioke Euskadira lehen aldiz bidaiatzen duen pertsonari?

Kaleaz goza dezala. Herri txikietako bizitza. Bertako gastronomia. Aske sentitu dadila. Euskadin ez dira halabeharrez ibilbide turistiko zehatz batzuk jarraitu behar. Oinezko bidaiariak leku interesgarri ugari ditu eskura.

Zeren hutsunea sentitzen duzu zure lurraldetik urrun zaudenean?

Janariaren falta sentitzen dut. Euskaditik kanpo oso zaila da elikagai freskoak eta kalitate onekoak aurkitzea. Lagunen falta ere sentitzen dut, jakina, bai eta paseatuz gozatzen ditudan txoko horiek ere. Kaleetako bizitzaren hutsunea sentitzen dut.

Zure ustez, Euskadiren gauzarik ederrena da…

Leku zoragarriak ditu Bizkaiko kostaldeak, hala nola, Urdaibai, Gaztelugatxeko Doniene eta Matxitxako, Lekeitio, Bermeoko portua... Donostia, Hondarribia, Oñati. Hainbeste dago aukeran...

Kanpoko lagunen bat bisitan datorkizunean, zer erakusten diozu derrigor?

Gipuzkoaren bihotza erakutsiko nioke. Oñati, Arantzazu. Baita Urdaibai, Gernika... ere.

Euskadi noiz dago ederrago, udaberrian, udazkenean, neguan edo udan?

Nire ustez, udazkenean klima bikainaz gozatzen dugu. Iraila eta urria hilabete apartak dira gure herrian.

Zein da Euskadiko zure festa edo ekitaldi gustukoena?

Iraila Donostian. Estropaden festa. Kontxako Bandera. Haurra nintzelarik, izugarri liluratzen ninduen ikuskizun horrek.