INGURUNE NATURALAK

GORBEIAKO PARKE NATURALA

Gorbeiako Parke Naturala

Gorbeia mendiaren tontorra, 1.482 metrokoa, Anbotoko mendilerro berdean kokatuta dago, eta kareharrizko mendi eta arroilen artean nabarmentzen da. Bizkaiko bost deiadar-mendietako bat da. Bertan, sua piztu eta adarra jotzen zen Batzar Nagusietarako deialdia egiteko. Leku magiko hau Araba eta Bizkaia artean kokatuta dago, eta ikuspegi bikainak, pagadi eta hariztiak, Historiaurreko eraikuntzak eta flora- zein fauna-aniztasun aberatsa eskaintzen ditu. Euskal mendizalerik trebeen lekurik gogokoenetako bat da, eta asko esatea da hori.

AIZKORRI-ARATZEKO PARKE NATURALA

Aizkorri-Aratzeko Parke Naturala

19.400 hektareako azalera duen parke honetan, Altzania, Aizkorri, Urkilla, Zaraia eta Aitxuri tontorrak daude. Halaber, Gipuzkoako ibairik garrantzitsuenetako hiruren sorlekua da: Deba, Urola eta Oria. Kareharrizko eremu horretan, Arantzazuko Santutegia dago. Santutegiaren barruan, Arantzazuko Andre Mariaren taila gotiko eder eta xume bat dago elorri zuri batean, baita zintzarri bat ere; kondairaren arabera, Rodrigo Balzategi artzainak aurkitu zuen zintzarria 1469. urtean, euri ugariak ekarriz lehorte latzeko urte hartan. Inguruan, gainera, estazio megalitiko bat dago. Bederatzi monumentu biltzen ditu: bost trikuharri (Aizkorritxo, Artzanburu, Gorostiaran mendebaldea, Kalparmuñobarrena eta Pagobakoitza), hiru tumulu (Gorostiaran ekialdea, Malla eta San Adrian), eta Zorrotzarri iruinarria. Denak 1.100 metrotik gorako altueran daude.

IZKIKO PARKE NATURALA

Izkiko Parke Naturala

Parkearen barruan Muela mendira igoz gero, pagadiak eta nagusiki ezpelez osatutako oihanpe itxia ikus daitezke. Zuhaixkak diruditen masa itxiak dira, klima-baldintza zailetan hazten baitira. Halaber, Santa Teodosiako lizarra edo Antoñanako ezkia edo lizarra besarkatzeko ahalegina egin daiteke, alferrik bada ere. Zuhaitz guztiek bost metrotik gorako perimetroa dute, eta altxor gisa kontserbatzen eta zaintzen dituzte. Arabako mendialdeko parke honetan, 775 okil ertain (Dendrocopos medius) inguru bizi dira. 20 zentimetro inguruko hegazti hau erraz ezagutzen da, lumaje gorria baitu buruan.

VALDEREJOKO PARKE NATURALA

Valderejoko Parke Naturala

Euskadiko sai arreen koloniarik handiena Valderejoko Parke Naturalean bizi da. Bertako harriek habitat aproposa osatzen dute sai arreek habia egiteko, eta ikuskizun zoragarria da hegazti horiek hegan ikustea. Gaur egun, sai arreak oso une gozoa bizi du, ingurumena berreskuratu eta babesteko planei esker ez baitu inolako arriskurik. Inguruan, halaber, sai zuriak, belatz handiak, malkar-sorbeltzak eta harkaitz-zozo gorriak bizi dira, besteak beste. Hortaz, leku bikaina da ornitologia eta, oro har, animaliak gustuko dituztenentzat. Arabako mendebaldeko inguru honetan, halaber, basakatuak, orkatzak eta lepazuriak bizi dira.

ARMAÑONGO PARKE NATURALA

Armañongo Parke Naturala

Bizkaiko mendebaldeko muturrean, Kantabriarekin mugan, Armañongo edo Raneroko Parke Naturala dago. Kareharrizko erliebe ikusgarriak dituen mendigunea da. Muino eta mendiz betetako lur honetan, 200 kobazulo eta sima baino gehiago daude. Haietako batek, Karlistaren Torka izenekoak, 400 metroko luzera, 250 metroko zabalera eta 90 metroko altuera du, eta Europako barrunberik handienetako bat da. Armañon gailurra (854 m) mendiguneko garaiena da. Edonola ere, beste mendi asko daude, hala nola Ranero (737 m), Surbias (638 m) eta Los Jorrios (837 m). Ikusgarriak dira, halaber, Balgerriko pagadia eta Karrantza Haraneko monumentu megalitikoak.

URKIOLAKO PARKE NATURALA

Urkiolako Parke Naturala

Bizkaiko hego-mendebaldean kokatzen da, eta Aramotz-Eskubaratzeko mendilerroak, Durangaldeko mendiek eta Aragio mendilerroak osatzen dute. Bertako orografia dela-eta, eskalatzaile ugari hurbiltzen da parkera. Inguruko animalia-espezieen artean, hegazti harrapariak, lepahoriak, lepazuriak eta erbinude zuriak ditugu. Baso-masaren erdia baino gehiago pago, haritz, arte, urki eta ametzen baso naturalez osatuta dago. Urtaroaren arabera, ikuspegi bikaina eskaintzen dute. Urkiolako mendatetik hurbil dauden Aldazitalako pago motzen zura diru-iturri garrantzitsua izan zen ikazkinentzat XX. mendearen erdialdera arte. Gaur egun, zeruari erreguka diruditen adar luzexkekin, paisaia fantasmagoriko ederra osatzen dute pago horiek.

AIAKO HARRIA PARKE NATURALA

Aiako Harria Parke Naturala

Pirinioen mendi-adarretan, Gipuzkoako ekialdeko muturrean, Bidasoa eta Urumea ibaien artean, Aiako Harria dago. Itsasotik hamar kilometro eskasera dago, eta oso irudi bereizgarria du. Aro Primarioan edo Paleozoikoan sortu zen, eta Euskadiko mendigune granitiko bakarra da. Lekuaren edertasuna ikaragarria da, eta Arritxulo aterpetxearen inguruetan kanpatzeko baimena eska daiteke, ingurunea erarik naturalenean bizitzeko. Merezi du han lo egitea eta hain toki ederrean esnatzea. Aiako Harriko haitzetatik jaistean, sakan nahasiak sortzen dituzten errekak ikus daitezke, eta haien artean, 100 metroko ur-jauzi ikusgarria duen Aiztondokoa eta haritz-basoz inguratutako Endarakoa aipagarriak dira.

PAGOETAKO PARKE NATURALA

Pagoetako Parke Naturala

Landa-ingurunearen eta hiri-ingurunearen arteko oreka ezin hobean, 2.860 hektarea dituen Gipuzkoako parke honek museo, natura, ondare eta mendi-ibilien eskaintza aparta du. Parkea ezagutzeko eta zer egin erabakitzeko, XVIII. mendeko Iturraran baserrira hurbiltzea da onena. Gaur egun, bisitarien harrera-zentroa da, eta haur zein helduek ongi pasatzen duten bitartean ingurunea eta bertako bitxitasunak ezagutzeko tailer didaktiko interaktiboak daude barruan. Bertako fauna ikaragarria da, eta “betizu” behi-arraza, “pottoka” zaldi-arraza eta muxar grisak nabarmentzen dira. Bitxitasun gisa, urtero Afrikatik habia egitera iristen diren bi sai zuri daude.

ZUGAZTIETA (LA ARBOLEDA)

Zugaztieta (La Arboleda)

Zugaztieta meatze-herria zen eta burdina ateratzen zuten lurretik, baina egun, aisiarako eremu bilakatu da. Antzinako meatzeak urtegi artifizial bihurtu dira egun, eta eremu berdez inguratuta daude. Arrantzarako aproposak dira, ez, ordea, bainatzeko. Garai bateko meatze-herria Triano mendietan zehar hedatzen da. Trapagarango udalerriaren goialdean dago, hirigunetik 7,5 kilometrora, eta bertaraino iristeko, bide bihurri bat hartu behar da. Egokiagoa da funikularra hartu eta Larreineta auzora iristea. 1926az geroztik martxan den garraiobide hau usu erabiltzen zen meatzeak martxan ziren garaian. Gaur-gaurkoz, Bilboko Abraren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera ematen du funikularreko bidaiak. Larreinetatik kilometro bat baino ez dago Zugaztietara. Jolaserako zenbait eremu, kirol-instalazioak (futbol-zelaia, frontoia…), Bizkaiko Foru Aldundiaren aterpetxea eta Peñas Negras Ingurumenaren Interpretazio Zentroa daude inguru horretan. Bisitariak ibilbide balizatuen inguruko informazioa jaso dezake zentroan, ingurune naturala zein meatzeen arrastoak ezagutu eta horietaz gozatzeko.

ARABAKO ERRIOXA

Arabako Errioxa

Ardoa kultura da, eta natura hutsa ere bai. Arabako Errioxako kulturak bat egiten du mahastiekin, ia usaindu eta, jakina, edan daitekeen postal kromatiko batean. Landare aromatikoek zelaiak alaitzen dituzte, Ebro ibaia lasai doa, eta txoriak hegan ikus daitezke zeruan. Oso leku berezia da enologo baten moduan ezagutzeko, hau da, zurrupadatan. Mahatsondoz, zerealez eta olibondoz betetako lurrak janaririk eta edaririk onenak dastatuko ditugula promesten dute. Oso leku gutxitan lortzen da hain sinbiosi perfektua naturaren fruituen eta biztanle eta tradizioen artean. Gainera, Guardiako aintzirak bisita daitezke. Arabako Errioxaren bihotzean, Guardiako harresi-eremutik hurbil kokatutako Biotopo Babestua da. Lau hezegune txiki eta bitxi dira guztira. Carravalseca eta Carralogroño aintzirak depresio lehorrak, lauak eta zuriak dira udan, ura lurruntzean sortzen den gatz-zarakarraren ondorioz. Ilargia gogora ekartzen du paisaia honek, eta ikusteak merezi du.