HISTORIAURREA

KOBAZULOAK: SANTIMAMIÑE, POZALAGUA, ARRIKRUTZ ETA EKAINBERRI

Euskadiko alde ezkutuena –ez, ordea, ezezaguna– lurraren erraietan dago, eta milaka eta milaka urtetan egin behar da atzera alde horren jatorrira iristeko. Santimamiñe, Pozalagua, Arrikrutz eta Ekainberri dira lau kobazulorik ospetsuenak eta bisitatuenak. Lehenik eta behin, aholku bat: komeni da bisitaldiak aldez aurretik erreserbatzea. Garrantzi historiko handia dutenez eta oso kontserbazio-egoera onean daudenez gero, jende askok bisitatzen ditu kobazulo horiek.

Ekaingo labar-pinturak

André Leroi-Gourham etnologo eta arkeologo ospetsuak dioenez, Debako udalerrian (Gipuzkoa) dauden Ekaingo labar-pinturen artean, Kuaternarioko zaldi multzorik perfektuena dago. Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen UNESCOk. Labar-pintura horien garrantzia eta, batez ere, hauskortasuna dela-eta, Ekainberri erreplika eraikitzea erabaki zen, jendeak ikusi ahal izateko. Europako Historiaurreko santutegi nagusietako bat da. Pinturen edertasunak aho zabalik uzten zaitu, eta denboran atzera eginarazten dizu.

Arrikrutzeko Koba

Arrikrutzeko kobazuloa, bestalde, 2007an jarri zen jendearentzat ikusgai. Arantzazuko Santutegitik hurbil dago, Aizkorriko mendigunearen azpian, eta lurpean 14 kilometroko galeriak dituen Gesaltza-Arrikrutzeko gune karstikoko kobazuloetako bat da. Bisitaldian, 55 metro jaisten dira lurraren erraietan zehar, 53. galeriara iritsi arte. Bertan, lurpeko Aldaola ibaia ikusteak sekulako zirrara eragiten du. Gainera, estalaktita handiak eta beste aurkikuntza batzuk ikus daitezke, hala nola, haitzuloetako lehoi baten eskeleto osoa. Bisitaldi magikoa da haur zein helduentzat.

Santimamiñeko labar-pinturak

Bizkaiko bihotzean, Santimamiñeko koba dago. Barruan, 14.000 urtera bitarteko antzinatasuna duten labar-pinturak daude, eta bisonte, zaldi eta hartzen irudiak argi eta garbi bereizten dira. Gainera, estalagmita eta estalaktita ugari daude.

Pozalaguako Kobazuloa

Azkenik, Bizkaiko mendebaldearen muturrean, Pozalaguako kobazuloa dago. Barruan, estalaktita eszentrikoen munduko kontzentraziorik handiena dago. Estalaktita horiek grabitateari kontra egiten diotela dirudi, eta ezinezko formak sortzen dituzte airean, aho zabalik uzteko modukoak. 125 metroko kobazulo honek 40 metroko sakonera duten lau sima ikusgarri gordetzen ditu.