GASTEIZ

OROIMENAREN ZUTABEAK

Santa Maria Katedrala Gasteizko historiaren harrizko lekukoa da eta hainbat idazleren musa izan da (Ken Follett eta Paulo Coelho idazleena, adibidez). "Obrengatik irekita" izeneko zaharberritze-proiektu berritzailean murgilduta zegoela, bertako sekretuak erakutsi zizkien bertara hurbildutako bisitariei. Egun, gurtzarako dago zabalik, baina bisitariek ikusteko aukera dute oraindik ere.

Gasteiz aireko ikuspegia

Arabako hiriburua 1181. urtean sortu zen, antzinako Gasteiz herrixka kokatuta zegoen muinoan bertan, eta Santa Maria Katedrala muino horren tontorrean dago, Erdi Aroko eraikinez inguratuta. Katedralera hurbildu ahala, formen dotoretasunak txundituta utziko zaitu. Tenplua XIII. mendean hasi zen eraikitzen, defentsarako harresi batean. Eremua mugakidea izaki, gotorleku bat izatea garrantzitsua zela pentsatu zuten garai hartan. Hasiera batean, beraz, eliza-gotorleku izateko helburuarekin eraiki zuten. Denborarekin, ordea, gaur ikus dezakegun katedral gotiko ederrean bilakatu zen Santa Maria Katedrala. Gaur egun, Gasteizko historiaren lekuko ikaragaitz hau zaharberritze-prozesu batean murgilduta egon da, baina txukuntzen diren bitartean itxita egoten diren eraikinak ez bezala, Santa Maria Katedrala 'OBRENGATIK IREKITA' dago.Aldamio eta pasabideen artean eta kasko batez hornituta, irekita dituen erraiak bisita daitezkeela jakin dut eta, horrenbestez, goiz lasai bat hartu dut katedrala ezagutzeko. Oso garrantzitsua: bisitaldia aldez aurretik erreserbatu behar da. Gidariak ongietorria egin, eta hasi da txangoa. Gidariaren atzetik katedralean sartu orduko, ahoak irekitzen hasi dira. Gasteizko Santa Maria Katedraleko sarrerak zirrara eragiten du formengatik, argiagatik eta, jakina, bere bihotz irekiagatik. Barnealdeak Frantziako katedral gotikoak ekartzen ditu gogora (Notre Dame eliza, adibidez), baina, egiaz, nortasun handiko tenplu bakana da. Katedrala zaharberritze-prozesuan bete-betean dagoela bisitatzea abentura handia da. Aldamio garaiek eta zabalik dauden zoruek obretan egindako aurrerapenak uzten dituzte agerian.

Gasteizko Katedralaren lanen bisitaldia

Arkitekto batek obra batera egiten duen bisitaldi baten antzekoa da ibilbidea, izan ere, hilabete bakoitzaren azken astearteko 16:30ean, Katedralaren Fundazioko zuzendari kudeatzaileak –Juan Ignacio Lasagabaster arkitektoak– gidatutako bisitaldia egiten da. Bi ordutan zaharberritzearen xehetasunen berri izan ondoren, argi eta soinu ikuskizun harrigarri batekin amaitu da bisitaldia: "Argiaren Ataria". Ikuskizun horretan, teknologia digitalari esker, atariko hormak nola pintatu zituzten ikus daiteke. Merezi du ikustea.

Gasteizko Katedralaren lanen bisitaldia

Tenpluaren barruan, zorupeetan eta aldamio artean guztiz kontzentratuta dabiltzan arkeologo, hargin eta beste langile batzuek arretaz egindako lana ikusi dugu. Haurtzarora itzuli garela sentitu dugu. Bikote bat argazki bat egiten ikusi dut, kaskopean irribarrez; bitartean, gurasoek ahalegin guztiak egiten dituzte seme-alabei katedralaren aurreko zorua non zegoen eta indusketak noraino iritsi diren azaltzeko. Hain indusketa sakona egin dute, erromatarren garaiko aztarnak agertu direla, eta aztarna horiek Gasteizko iragan urrunena argitzen lagun dezakete.

Gasteizko Katedralaren lanak

Tenpluaren barruko ibilbidea argi-ilunetan egiten da. Pasabideetarako igoerak eliza bere handitasunean ikusteko aukera ematen du. Beste edozein erlijio-eraikinetan pentsaezina den ikuspegia dago, eta bisitaldiaren xarmaren parte da. Dorretik, Gasteiz osoa ikus daiteke: zeruarekin kontrastean agertzen diren teilatu gorrixkak eta berdegune ugariak. Obra gotiko paregabe honekin guztiz maiteminduta nago dagoeneko. Baina ez naiz bakarra izan. Besteak beste, Ken Follett eta Paulo Coelho idazle ospetsuek ere irrika bera sentitu dute, eta haiek izan ziren eraikin honekin eta hiriarekin liluratuta geratu ziren lehenak. Victor Hugo ospetsuak ere katedralaren itxura gotikoarekiko eta hiriak XIX. mendera arte izan zuen almendra-formarekiko erakarpen handia sentitu zuen. XXI. mendean, Coelho idazleak 'El Zahir' eleberriko funtsezko gune bihurtu zuen katedrala, eta Follett idazlea, berriz, urrutirago joan zen. Lehen aldiz bisitatu ondoren adierazi zuenez, "hain liluratuta geratu zen" eraikinarekin, 'Pilars of the earth” obraren bigarren zatiko musa bihurtzea erabaki zuela. Horrela, beraz, 'World withoit end' best-sellerrean kontatzen den istorioa fikziozko katedral baten inguruan gertatzen da, eta Arabako hiriburuko eraikinean pentsatuta idatzita dago. Hiriak itzuli egin zion maitasun-froga hori idazle galestarrari. Tamaina naturaleko estatua hiperrealista bat eskaini zion katedralaren ondoan, Buruileria plazan, eta estatua Casto Solano artista ospetsuak egin zuen. Harrez geroztik, tenpluaren eta idazlearen arteko amodioa publikoa eta betierekoa da.

Gasteizko Katedralaren Elizpea

Ibilbidea amaitzeko, harresiaren kanpoko erronda-bidea eta triforioa ikusi ditugu. Azkenik, katedraleko atariaren zaharberritze amaitua eta portadako tinpanoen lanketa ikaragarria ikus daitezke; portada XIV. mendeko Penintsula osoko ederrenetako bat da. Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak finantzatutako azterlanari esker, antzinako harresi-horma uste baino zaharragoa dela egiaztatu da. Hori guztia berreskuratzea opari handia da Gasteizko biztanleentzat zein bisitarientzat.

Gasteiz. Andra Mari Zuriaren Plaza

Katedraletik irtetean, bizikleta hartu eta Gasteiztik ibiltzea erabaki dut. Gasteiz "Europako Hiriburu Berdea" izan zen 2012 urtean, ingurumenaz eta biztanleen bizi-inguruneaz hobekien arduratu den hiria izateagatik eta klima-aldaketa globalari tokiko eremuan aurre egiten laguntzeagatik. Ahalegin handi horri esker, aire garbi-garbia arnasten da hirian. Gainera, zuhaitz- eta lorategi-eremu ugari daude, eta etorkizun iraunkorraren aldeko apustu irmoa egin da. Bidaiariok hiri ekologiko honek transmititzen duen zoriontasunean nabaritzen dugu hori. Txirrindularientzat dauden bide ugarietan eta gehienez ere orduko 30 km-ra iristen den zirkulazio lasaiko 47 kaleetan zehar ibiltzea plazer handia da, oso gomendagarria. Salburuko hezeguneetara abiatu naiz ondoren. Salburuko Parkea Gasteizko "Eraztun Berdea" osatzen duten parkeetako handiena da. Ataria Interpretazio Zentroan, naturaren altxor honi buruzko informazioa bildu dut: Nazioarteko Hezegune Garrantzitsua (Ramsar) eta Garrantzi Komunitarioko Lekua (GKL) da, eta Europako Natura 2000 Sarean sartuta dago. Lasai egin dut 206 hektarea dituen parkeko ibilbidea, bertako flora eta fauna ikusgarriari erreparatuz. Parkeak bi hegazti-behatoki ditu, eta Europako ugaztun eder eta mehatxatuenetako bat bizi da bertan: bisoi europarra (Mustela lutreola). Ugaztun horren kontserbazioa parkearen lehentasunezko helburuetako bat da. Bizikleta utzi, eta ur gaineko pasabideetan zehar ibili naiz, leku hau sentitzeko eta leku honek ingurumenaren babeserako duen garrantzi handia balioesteko, besterik gabe.

Ataria

Beste aholku bat nahi? Eguerdian, eguzkia atera bada, egin picnic bat Eraztun Berdeko parkeren batean; nire gogokoena, zalantzarik gabe, Salburuko Parkea da. Gauean, berriz, zoaz alde zaharrenera (Erdi Aroko Gasteizera) pintxo batzuk jatera. Kirola egin ondoren gosea handia bada, aldiz, afari ahaztezina egin dezakezu jatetxe ospetsuren batean.
Pintxoen Ibilbidea egitera abiatu naiz bizikletaz. Izugarri gustatzen zait jateko hain euskalduna den modu hau; sukaldaritza-sorkuntza txiki horietako bakoitzak bertako gastronomia aberatsaren zaporea gordetzen du. Bazkaldu ondoren, ARTIUM Arte Garaikidearen Euskal Museora abiatu naiz bizikletaz; ezinbesteko bisitaldia da hirira etortzen denarentzat. Eraikinaren aurreko gune zabalean, maila artistiko handiko elkarrizketa batean dihardute XX. mendeko hiru artista handiren obrek. Honako hauek dira: Richard Serra (Finkl Octagon, 1991), Jorge Oteiza (Mirador Mirando, 1958) eta Eduardo Chillida (Elogio de la Arquitectura XIV, 1994). Plazan, halaber, Vicente Larrearen obra handi bat (Broca kenkenes, 1976) eta Miquel Navarroren eskultura monumental bat (La mirada, 2001) ikus daitezke. Ongietorri bikaina da.

Artium

Museoaren barruan, atondoan, wifia doakoa denez gero, sare sozialetara igo ditut egun osoan egindako argazki guztiak. Ondoren, gelaz gela ibili naiz. Hemen dokumental bat ikusi, han eskultura edo pintura bati begira geratu... Mota orotako espresio artistikoek dute lekua museo moderno honetan. Horren erakusgarri, izen handiak azpimarra daitezke: Picasso, Dalí, Oteiza, Chillida, Miquel Barceló, Cristina Iglesias, Bill Viola, eta abar. Arratsaldea labur geratu zait, baina alde egin behar izan dut. Ilunabarrak gogorarazi dit Santa Maria Katedralera itzuli behar dudala, bertan eskaintzen dituzten kontzertu ugarietako bat entzutera (komeni da web orria kontsultatzea informazioa lortzeko: www.catedralvitoria.com). Ilunabarreko argia beirateetatik iragazten da, tenpluari amets eta berotasun kutsua emanez. Horma eta zutabe hauetan pentsatu dut; idazle handien inspirazio-iturri izateaz gain, Gasteiz osoaren horma eta zutabe bihurtu dira, eskubidez eta edertasunez. Hiriak iragan handi batean ditu sustraiak, baina malenkoniarik gabe begiratzen dio kolore berdeko etorkizun itxaropentsuari. Haren indarra lagun izan dezagun beti.

Irudiak