GASTEIZTIK ORDU 1 BAINO GUTXIAGORA

5 MINUTURA: SALBURUA

Gasteizko ekialdean kokatutako Salburuko Hezeguneak flora eta faunaren babesleku bikainak dira; inguruaren edertasunak ez du parekorik. Bertan bizi diren espezieen artean, desagertzeko arriskuan dagoen bisoi europarra parkeko espezierik enblematikoena da, baso-igel jauzkariarekin batera. Ur gaineko pasabideek, hegazti-behatokiek eta begiratokiek oroitzapen ahaztezin bihurtzen dute parke honetako paseoa.

Salburuko Hegazti-Behatokia

25 MINUTURA: URKIOLA

Urkiolako Parke Naturala Arabako hegoaldean dago, eta gune babestua da. Bertan, San Antonio Abadearen eta San Antonio Paduakoaren santutegia dago, hots, probintziako santutegirik gurtuenetako eta antzinakoenetako bat. Parkearen barruan, Anboto mendia dago, eta, kondairaren arabera, Mari bizi da mendi horretan, euskal mitologiako jainkosa nagusia, alegia. Euskal alpinisten eremua da eta mendi-ibiliak, eskalada eta espeleologia egiteko leku aproposa.

Urkiolako Parke Naturala

25 MINUTURA: AÑANAKO GATZ HARANA

Añanako Gatz Harana milaka plataforma edo larrainez, iturburuz, kanalez, putzuz eta biltegiz osatutako gatz-paisaia ikaragarria da, bakarra munduan. Añanako haraneko gatzagak antzinakoenetakoak eta hobekien kontserbatuta daudenetakoak dira. Bertan, 6.500 urte baino gehiagotan, gizonek eta emakumeek etengabe produzitu dute "urre zuria". Paisaia paregabea, bai eta bertatik ateratako gatzaren kalitatea ere. "Slow Food" elkarteak mundu osoan balio bikaineko produktu gisa saritu zuen.

Añanako Gatz Harana

35 MINUTURA: IZKI

Izkiko Parke Naturala balio geologiko, biologiko, ekologiko, paisajistiko, arkeologiko eta soziokultural handiko espazio natural babestua da. Pagadi ugari ditu, eta bertako oihanpe bereizgarriaren masa handia nabarmentzen da. Izkiko paisaia Euskadiko gainerako lekuetakoen oso desberdina da, eta oso interesgarria da ezagutzea. Paisaiaren ezaugarriak eta jende urritasuna dela medio, Arabako Mendialdea eskualde bikaina da mendi-ibiliak egiteko eta mendiko bizikletan ibiltzeko.

Izkiko Parke Naturala

45 MINUTURA: GUARDIA – ARABAKO ERRIOXA

Guardiako harresigunea mahastiz inguratuta dago begiek hartzen duten eremu osoan, eta bertako tradizio, zapore eta usainekin errotutako ardoaren kulturaren isla da. Ardorik onenen magia osoa biltzen duen lekua da.

Guardia

50 MINUTURA: GORBEIA

Gorbeia mendiaren tontorra, 1.482 metrokoa, Anbotoko mendilerro berdean kokatuta dago, eta kareharrizko mendi eta arroilen artean nabarmentzen da. Mendigune horretan, sua piztu eta adarra jotzen zen Batzar Nagusietarako deialdia egiteko. Ezinbesteko lekua da mendia maite dutenentzat.

Gorbeiako Parke Naturala

55 MINUTURA: VALDEREJO

Euskadiko sai arreen koloniarik handiena Valderejoko Parke Naturalean bizi da. Halaber, bertako hegazti-espezieen aniztasun handia dela-eta, ornitologia gustuko duen mundu osoko jendearen lekurik gogokoenetako bat da.

Valderejoko Parke Naturala

HALABER, ORDUBETE BAINO GUTXIAGORA...

Bilboko hiri kosmopolitara joan zaitezke Guggenheim Bilbao Museoko azken erakusketa ikustera eta hiriko arkitektura modernoa ezagutzera. Edota ardoen munduaz goza dezakezu Arabako Errioxako upeltegietan, eta bisitaldia ardoterapiako tratamendu batekin amai dezakezu spa ugarietako batean. Halaber, Donostiako Kontxako hondartzara joan zaitezke, eta ongi baino hobeto jan dezakezu Donostiako "Pintxoen Ibilbide" ospetsuan.