Euskal Kostaldeko Geoparkea

Flyscha

Euskal Kostaldeko Geoparkeak 90 kilometro koadroko azalera du, eta Gipuzkoako Debako, Zumaiako eta Mutrikuko herrietan kokatuta dago. UNESCOren Geoparkeen Europako Sarean eta Sare Globalean sartuta dago. Geoparkean dena ederra bada ere, bertako altxorrik preziatuenak flyschak dira (‘lur labainkor’ esan nahi duen alemanezko hitza da). Flyschek Kantauri Itsasoa zaintzen duten benetako erraldoiak dirudite. Jatorri sedimentarioko faziesak edo harri-formazioak dira, eta oso lagungarriak dira nola sortu ziren zehazteko. Walterren legearen arabera, ingurune sedimentario batean aldaketak daudenean, faziesak aurrekoetan gainjartzen dira, ordena errespetatuta. Horregatik, historiaren berri ematen diguten liburu bihurtu dira. Flyschak itsas ertzean agertzen dira, eta itsaslabar bereziak eta urak mendeetan tailatutako harri sedimentarioko hondartzak sortzen dituzte.

Flyscha

Inguruan, gainera, Mutrikuko hirigune historikoa ezagutzeko aukera dago. Gipuzkoan hobekien kontserbatuta daudenetako bat da, eta jauregiz eta jauretxez beteta dago. Azpimarratu behar dira, halaber, antzinako portua eta kofradia; Bentalekua Museoa da gaur egun kofradia, eta arrain-enkante batean parte hartzeko aukera dago. Ondoren, jakina, arrain hori parrillan jatea da egokiena, txakolin on batez lagunduta. Bertan, halaber, Nautilus zentroa bisitatu eta amoniteen bilduma ikaragarria ikus daiteke. Amonitea Aro Sekundarioan oso ugaria izan zen molusku zefalopodo bat da.

San Telmo ermita. Zumaia

Bestalde, ezinbestekoa da Zumaiako San Pedro eliza bisitatzea. Kanpandorretik ikuspegi ederra dago. Zumaian, halaber, Zuloaga Museoa ikus daiteke. Garai batean, ermita izan zen, bai eta Santiagora zihoazen erromesen ostatua ere, eta pintoreak museo eder bat egin zuen bertan; gaur egun, Zuloagaren bilduma pertsonala eta haren obraren zati bat dago museoan. Halaber, kasik itsaslabar batetik zintzilik dagoen eta Kantauri Itsasoaren ikuspegi bikaina eskaintzen duen San Telmo ermita dago Zumaian. Oso ospetsua da gaur egun, "Ocho apellidos vascos" filmari esker.

Flyscha

Bestalde, oso aukera ona da Debako Lastur harana (txoko ederrenetakoa eta ezkutuenetakoat) ezagutzea, eta, bertan, Plazaolako antzinako errota, gaztandegi bat edo ehungintza-tailer bat bisitatzea. Ametsezko paisaia sortu duten antzinako itsas harriez osatutako "Karstaren Ibilbidean" sartzean, mitologia itzultzen da berriz ere, eta euskal paisaia fantasia bihurtzen da oraindik sekretuz beteta dagoen antzinako lur honen jatorrietara abiatzean.

Flyscha

Aholku bat nahi? Hartu gutxienez hiru egun “Flyscharen Ibilbidea” egiteko, Euskal Kostaldeko Geoparkea presarik gabe ezagutzeko (Geoparkeak UNESCOren aitorpena jaso du, bere bitxitasunagatik eta kontserbazio onagatik) eta inguruko herrietako janaria dastatzeko. Azken batean, lur honen taupadak sentitzeko. Ezagutzen denean, hobeto ulertzen da planeta honen miraria.