EUSKAL KOSTALDEA, HERRIZ HERRI

HONDARRIBIA

Hondarribia

Arrantza-hiribildu txiki hau Kantauri Itsasora begira dago eta Txingudiko Badiaren inguruan zabaltzen da, Hendaia herritik bereiziz; munduko lekurik ederrenetako bat da. The New York Times egunkariaren arabera, 'bizitzan probatu dudan gauzarik onena da hau' esanez eman dezakezu arratsaldea Hondarribian. Halaber, aspertzeraino hasperen egin dezakezu aurrean duzun edertasuna ikusita. Merezi du lasai eta xehetasun bakoitzari erreparatuz ibiltzea. Bazter guztiak arreta handiz zainduta daude, eta balkoiak lorez beteta agertzen dira itsasoaren aurrean. Erdi Aroko harresiz inguratuta geratzen den hiri bakarra da Euskadin. Hori guztia dela-eta, Hondarribia lirain agertzen da beti, baina, horrez gain, arrantza-portu garrantzitsua du, eta bertako jatetxe eta tabernak oso ospetsuak dira eskaintzen dituzten produktu freskoengatik. Oso ospetsua da, halaber, hondar zuriko hondartza.

PASAI DONIBANE

Pasaiako Portuaren Ikuspegia Pasai Donibanetik

Pasaia Gipuzkoako kostaldeko udalerri bat da. Lau barrutiz osatuta dago: Pasai Donibane, Pasai San Pedro, Pasai Antxo eta Trintxerpe. San Pedrotik Donibanera joateko (biak portuko bokalearen alde banatan kokatuta daude), bi aukera ditugu: sarrera estua txalupaz zeharkatu, edota errepidez itsasadarraren ertzetik ibili (zazpi kilometro inguru). Udaletxea Pasai Donibanen dago. Bertan, etxe balkoidun ederren arkitektura bereizgarria erakusten dute eraikin askok. Victor Hugo idazleak arrantza-herri hau aukeratu zuen 1843ko erbestealdian bizitzeko. Bizileku izan zuen etxea Turismo Bulegoa da gaur egun, eta bisitatzeko aukera dago. Pasaia, bestalde, Paco Rabanne moda diseinatzaile ospetsuaren jaioterria ere bada. Gaur egun, mundu osoko bidaiariek jarraitzen diote bi pertsonaia ospetsu hauen arrastoari.

ZARAUTZ

Zarautz

Zarauzko hondartzak 2.500 metroko luzera du, eta Gipuzkoako handiena da. Garai batean arrantzale-hiribildu izan zen herri lirain eta alaia biltzen duela esan daiteke. Zarautz surflari handien sorlekua da. Surflariak hondartzaren ekialdeko muturrean egoten dira, dunak dituen eremurik basatienean, eta inguru aproposa da olatuak harrapatzeko. Hondartzaren gainerako zatia familia-girokoa da. Itsas pasealeku ederra dago, eta haurrek jolasteko eta zabuan ibiltzeko eremu bat dute. Joaquín Sorolla artistaren ‘Bajo el toldo’ obran, artistaren emaztea eta alaba Zarauzko hondartzan agertzen dira. Udan, familiek joko dibertigarri batean parte har dezakete Zarautzen: Galtxagorriak, kaleetan ezkutatzen diren eta galtza gorriak dituzten iratxo txikiak, bilatzea. Zarauzko Turismo Bulegoan, Marik berak (euskal mitologiako jainkosa handiak) iratxoak aurkitzeko arrastoekin utzitako gutunazal bat jaso dezakete interesa duten guztiek. Oso joko dibertigarria da, eta Zarauzko biztanleekin harremanetan jartzeko aukera ematen du, iratxo magikoak bilatzen laguntzen baitute.

GETARIA

Getaria

Nire laguna, Joseba, donostiar peto-petoa da. Hark dioenez, parrillan egindako arrainak 'aparteko kategoria' du Getarian, eta are gozoagoa da Getariako txakolin batekin lagunduz gero. Janariari dagokionez, komeni da euskaldunengan fidatzea. Itsasoko produktu bikainak eskaintzeagatik ez ezik, munduan eraginik handiena izan duen diseinugilearen –hots, Cristóbal Balenciagaren– jaioterria izateagatik ere ospetsua da marinel-herri hau. Mozketa eta patroien inguruko oinarri asko finkatu zituen artistak. Mundu osoko modazaleak hurbiltzen dira Cristobal Balenciaga Museoa ezagutzera. Bertan, jostunaren 1.600 diseinuko bilduma bat dago ikusgai, eta artistari eskainitako erakusketen artean, kalitate eta garrantzi handiena duena da. Getaria, halaber, munduari bira eman zion lehen itsasgizonaren jaioterria da, Juan Sebastian Elkanorena, alegia. Historia nabaritzen da tonbolo batean dagoen herri honetako kaleetan. Getaria ia osoa inguratzen du itsasoak, San Anton mendiaren –Getariako Sagua izenez ezaguna– babesean.

ZUMAIA

San Telmo ermita. Zumaia

Urola eta Narrondo ibaiak elkartzen diren badian kokatuta dago Zumaiako hiribildu ederra. Itsasoratzean itsaslabar bikain bihurtzen diren mendi berdeek inguratua, herri honek elementu erakargarri asko ditu, hala nola, Itzurun eta Santiago hondartzak eta oraindik Erdi Aroko itxura gordetzen duen hirigune historikoa. Eraikin ikusgarrien artean, Zumaia eta Ubillos jauregiak eta Olazabal eta Goikotorre etxeak aipa daitezke, baina, zalantzarik gabe, XIII. mendeko San Pedro eliza gotikoa da herriaren bitxi arkitektonikoa. Eraikin soila da, ia apaingarririk gabea, eta gotorlekua dirudi. Nabe bakarra du, eta barruan dagoen Juan de Antxietaren erretaula ederra monumentu nazional deklaratu dute bere garrantzi artistikoa dela-eta. Bestalde, itsasbeherak fenomeno geologiko interesgarria uzten du agerian hondartzetan: flyscha. Geologia sedimentarioaren berri ematen duen liburu paregabea da, milorri-formakoa. Itsasoak kareharrian eragindako higaduraren ondorioz sortu da. Hurbiletik ikusteko txangoak antolatzen dituzte, eta merezi du horietan parte hartzea. Itzurun hondartzaren goialdean, San Telmo ermita nabarmentzen da hodeiertzean. Ospe handia hartu du "Ocho apellidos vascos" filmari esker.

ELANTXOBE

ELANTXOBE

Elantxobe Bizkaiko marinel-herria da. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban kokatzen da eta Ogoño lurmutur dotoreak eta hainbat itsaslabarrek babesten dute. Itsasora eta portura begira dauden eraikin mailakatuak dira herriaren bereizgarri. Herriko edozein lekutatik, ikuspegia ikaragarria da. Eta ikaragarriak dira, halaber, itsasoaren etengabeko oldarrari aurre egiteko sendotu diren kaiak. Gomendagarria da merkatari eta arrantzaleen kofradiak 1803. urtean eraikitako San Nikolas Barikoaren elizara hurbiltzea eta urrez polikromatutako zurezko erretaula barroko ederra arretaz ikustea. Aldapa amaigabeetan barrena ibili eta arrain freskoaz gozatzearekin batera, bitxitasun bat du herriak: herriko plazan dagoen plataforma birakaria, autobusek buelta emateko erabiltzen dena (ez baitago behar adinako lekurik buelta emateko).

LEKEITIO

LEKEITIO

Otoio eta Lumentza mendiek babestuta eta Kantauri Itsasoraino barreiatuz, Lea ibaiaren bokalearen ondoan kokatutako arrantza-herria da Lekeitio. Parean, San Nikolas edo Garraitz uhartea dago, eta itsasbeheran, oinez irits daiteke bertaraino, magikotzat jo daitekeen paseoa emanez. Lekeitiok bi hondartza ditu: Isuntza eta Karraspio (Mendexa). Lumentza menditik badiaren ikuspegia ikaragarria da. Hogei minutu eskaseko ibilaldia da, eta benetan merezi du, goitik herriaren eta inguruen edertasuna ikusten baita bete-betean, kolore berde, urdin eta arreetan bildua. Oso interesgarria da, halaber, Santa Katalina itsasargira hurbiltzea. Martxan dago oraindik, eta Nabigazioaren Teknologiaren Interpretazio Zentroa da gaur egun. Bertatik ere oso polita da herriaren ikuspegia. Hirigune historikoan, jauregi ugariren artean, Santa Maria basilika nabarmentzen da. Elizak erretaula gotiko urreztatu bikaina du barrualdean (Penintsulako hirugarren handiena da). Lekeitioko San Pedro jaiak irailaren 1etik 8ra bitarte ospatzen dira, eta jai horietara joaten denak Kaxarranka dantza tradizionala ikusteko aukera izango du. Zortzi marinelek eutsitako kutxatzar baten gainean egiten du dantzan dantzari batek. Zirraragarria.

MUNDAKA

MUNDAKA

Bizkaiko kostaldeko herri lasaia da Mundaka, izen bereko itsasadarraren ezkerraldean kokatua. Bertako hondartzan sortzen den ezkerreko olatua ospetsua da mundu osoan, eta hiribilduari neurri batean protagonismoa kendu diola dirudi. Mundaka itsasoari lotuta egon da beti, eta, gaur egun, surfari ere bai. Baina beste gauza asko daude Mundakan. Adibidez, Laidatxu hondartza, haurrak dituzten familientzat aproposa. Edota bainatzeko eremu lasaiak, hala nola, Txorrokopunta, portua edo Ondartzape izeneko kala txikia. Herriak, gainera, iraganaren aztarna interesgarriak eskaintzen ditu. Adibidez, estilo errenazentista berantiarreko penitentzia-gurutzea, 1611. urtekoa. Zirriborrotsu samarra badago ere, honako hau irakur daiteke inskripzio batean: "Esta cruz la hizo hacer Rodrigo Abad de Mendecano vos que sois lector rogad al soberano" (Gurutze hau Rodrigo Abad de Mendecanok eginarazi zuen. Zeu, irakurle, egin otoitz subiranoaren alde). Inguruetatik paseatuz, Santa Katalina ermitara irits daiteke. Estilo gotikoaren eta errenazentistaren arteko trantsizio garaikoa denez gero, oso interesgarria da. Handik oso hurbil, Portuondoko begiratokia dago. Ibiltzea atsegin duenak Lamien Ibilbidea egin dezake izen bereko haranean. Ametsezko parajeetan zehar egiten den bi ordu inguruko ibilbidea da. Herri-tradizioaren arabera, emakume-itxura eta hegazti-oinak zituzten izakiak ziren lamiak, lotsatiak eta bihotz onekoak. Ibaiertzetan bizi ziren, eta urrezko orraziekin orrazten zuten beren ile luzea. Ibilbiderako hautua egiten duenak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako paisaiarik ederrenetako batzuk ezagutzeko aukera izango du.

GAZTELUGATXEKO DONIENE

GAZTELUGATXEKO DONIENE

Bermeoko istmo batean, hirigunetik zortzi kilometrora, Euskadiko lekurik bisitatuenetako bat kokatzen da: Gaztelugatxeko Doniene ermita, X. mendekoa. 231 eskailera igo behar dira bertara iristeko. Hodeiertza atzean duela, oso ikuskizun ederra eskaintzen du ermitaren irudiak. Kondairak dioenez, San Joanek, Bermeora iristean, hiru urrats handi egin zituen Gaztelugatxera iristeko. Haren arrastoak bidean geratu ziren, baina azken urratsaren aztarnak azken eskaileran dirau. Ermita oso errotuta dago herriaren debozioan, arrantzaleen artean batez ere. Barruan, eskaintza gisa zintzilik dauden itsasontzien maketak daude. Kaperaren ondoan, tximinia duen aterpe bat dago, egun hotzetan berotzeko. Kostaldearen ikuspegia bikaina da uhartetxo honetatik. Gainera, oso interesgarria da ornitologia atsegin dutenentzat, hegazti ugarik egiten baitute habia harri-hormetan. Halaber, urpekari asko ibiltzen dira inguruan, bertako itsasoa oso aberatsa baita izaki bizidunei dagokienez. Matxitxako lurmuturraren eta Bakio herriaren artean, itsasoak higatutako kobazulo eta arku ugari daude. Horren ondorioz, halaber, arrezifeko kareharri gogorreko uharte txikiak sortu dira kostaldearen tarte horretan. Higadurak sortutako edertasun paregabeko paisaia eta Gaztelugatxeren interes natural eta historikoa dela-eta, Biotopo Babestu izendatu dute eremu osoa.

GETXO

GETXO

Getxok denetarik duela diote. Eta egia da. Itsaslabar dotoreak eta hondar meheko hondartzak, hiri-hondartzak zein basatiak, tartekatzen dira. Kirol-eskaintza oso zabala da, eta itsas kirolak eta golfa dira nagusi. Kirol-portuan dagoen Aquariumean, itsasoko sekretuak aurkitzeko aukera dute haur zein helduek. Kale ederrak ditu, eta marinel-hiribilduen xarma oparotasun ekonomikorik handieneko garaia gogorarazten duten jauregi eta oinetxeekin konbinatzen da. Algortako Portu Zaharrean paseatuz gero, oraindik ere portu zaharren kutsua gordetzen duten kale estuetan ibiltzeko eta bertako jatetxe onetan pintxo batzuk dastatzeko aukera dago. Nerbioi itsasadarren gaineko Bizkaiko zubiak (edo Zubi Esekiak) Getxo eta Portugalete lotzen ditu. Bestalde, irisgarritasun zaielna duen Gorrondatxe (edo Aizkorri) hondartzan, Aro Lutetiarra islatzen duten harri-estratuak ikus daitezke argi eta garbi. Horregatik, sedimentuak eta estratuak aztertzen dituen estratigrafiaren arloko berezitasuna eta aberastasuna adierazten duen 'urrezko iltzea' eman diote lekuari. Hondartza itsaslabarrez inguratuta eta, zenbait eremutan, belarrez estalita dago. Bertan sortutako dunak direla-eta (Kantauri Itsasoaren kostaldean desagertzear daude dunak), leku aparta dela esan daiteke. Horrez gain, hondar mehe eta zuriko Ereaga hondartza nabarmendu beharra dago. Hiri-hondartza da, udarako ongi komunikatua eta hornitua. Galea lurmuturra Getxotik Sopelara zabaltzen den egitura geologikoa da, eta Bizkaiko Golkoaren ikuspegirik onenetako bat eskaintzen du.

BERMEO

BERMEO

Bermeoko hiribildua Urdaibaiko Biosferaren Erreserban biztanle gehien dituen herria da (17.000 biztanle baino gehiago ditu). Marinel-tradizioko herria izaki, bertako arrain-kontserben kalitatea ospetsua da mundu osoan. Horrez gain, lurralde historikoko arrantza-porturik garrantzitsuenetako bat izateak ospe handia ematen dio herriari, bai eta zortzi kilometrora Gaztelugatxeko Doniene ermita egoteak ere (Euskadiko lekurik bisitatuenetako bat da). Nolanahi ere, berezko xarma du Bizkaiko herri honek. XV. mendeko Ertzilla Dorrean dagoen Arrantzalearen Museoa, Frantziako jauregien itxurako kasinoa eta Santa Eufemia eliza gotiko ederra ez ezik, bada bisitatu beharreko beste leku bat ere: Néstor Basterretxeak Benito Barruetaren omenez egindako monumentua. Eskultura honen zilborrean, zirrikitu batek Izaro uhartearen ikuspegi bikaina eskaintzen dio hurbiltzen denari. Uhartea marko batean bezala ageri da aurrean. Aketx uhartea eta Matxitxako lurmuturra ere Bermeoko ondare naturalaren parte dira. Azpimarratu beharra dago, halaber, herririk gomendagarrienetako bat dela basoerditan ibiltzeko, hau da, tabernaz taberna ardoak edaten eta pintxoak (zein baino zein gozoagoa) jaten aritzeko; mundu guztiak oso gogoko duen tradizio handia da Euskadin.