EXPERIENTZIAK GASTEIZEN

ERDI AROKO HIRIGUNEA, BIZITZA AMETSA DEN LEKUA

Zerutik begiratuta, dena ikusten duen almendra-formako begi bat dirudi Gasteizko Erdi Aroko hiriguneak. Bertatik ikusita, berriz, Erdi Aroko altxorra dela iruditzen zait, eta horixe da gainera. Izan ere, oso ongi kontserbatuta dago, eta hiru Europa Nostra sari lortu ditu.

Gasteizko Erdi Aroko hirigunea

Kaleetan zehar ibili naiz, eta bertan lan egiten zuten artisau-gremioen aztarnen bila hasi naiz: Errementari kalea, Zapatari kalea, Aiztogile kalea, Hedegile kalea eta abar. Kale horietan, hiriko eraikinik antzinakoenetako eta bitxienetako batzuk daude, hala nola Erdi Aroko adreiluzko ostatu bat, gaur egun jatetxe dena: Portaloia. Zaldunak eta soldaduak imajinatu ditut mahai berean ardoa edaten, ostalariak haragi errea ateratzen duen bitartean. Aiztogile kalean, Sokaren Etxean sartu naiz (atean frantziskotarren ordenaren soka dagoelako deitzen zaio horrela), eta ospetsu bihurtu den izar-ganga ederra ikusi dut barruan. Nire amets historikotik esnatu naiz estilo gotiko errenazentistan egindako Andatarren Dorrera iritsi naizenean. XV. mendeko eraikin hau hiriko antzinakoenetako bat da, eta babes-harresiaren parte zen, Santa Maria Katedralarekin batera.

Gasteiz. Andra Mari Zuriaren Plaza

Gaur egun, jendea bizi da bertan, eta, beraz, ez dago barnealdea ikusterik, baina kanpoaldea ikaragarria da. Ondoren, bi jauregi errenazentistak erakarri dute nire arreta: Eskoriatza-Eskibel eta Montehermoso. Azken hori kulturunea da gaur egun, eta bertara abiatu naiz. Liluratuta utzi nauen dotoretasun bikaina agertzen du kanpoaldean. Barruan, erakusketak, tailerrak eta beste jarduera batzuk egiten dira, eta, beraz, bizi-bizi dago. Mila bazter daude ikusteko, baina aurretik, eta Ken Follett adiskidearen estatua besarkatu ondoren, Buruileria plazan esertzea erabaki dut, Gasteizko antzinako harresia ikustera eta, berriz ere, Erdi Aroko amets batean murgiltzera.

Ken Folletten Estatua. Gasteiz

ARTIUM, ARTE MODERNOAREN MILA AURPEGIAK

Artium

2002an inauguratutako Artium Arte Garaikideko Euskal Museoa bisitatzea ezinbestekoa da artea maite duen edonorentzat. Bilduma iraunkorrak iman batek bezala erakarri nau, eta, barruan, artista mitikoen obrak ditugu, hala nola Picasso, Dalí, Oteiza, Chillida, Miquel Barceló, Cristina Iglesias eta Bill Violarenak. Gainera, mota orotako erakusketa interesgarriak daude (pinturak, dokumentalak, argazkiak, bideoartea eta abar), baita kontzertu interesgarriak eta hitzaldi interaktiboak ere. Horrez gain, adin guztietarako ikastaroak eta tailerrak eskaintzen dituzte; bisitaldia hobeto aprobetxatzeko, komeni da web-orrian informazioa biltzea. Halaber, erakusgai dauden obrak gastronomiarekin lotzen dituzte, eta, ondoren, plater horiek Cube Artium jatetxean dasta daitezke.

Artium

Museoan sartu orduko, gorantz begiratu dut, eta liluratuta geratu naiz adiera guztietan modernoa den museo honen atondoko kristal-erraboil handia ikustean. Artium Museoan oso gustuko dudan gauza bat espazioa da, oso dimentsio handiak baititu, eta obrez gozatzen laguntzen duen beste elementu bat da hori. Museoan galtzea esperientzia handia da, eta artearekin baino esperimentatu ezin diren emozioak senti daitezke. Horretarako, egun osoa behar da agian, eta merezi izango du beti. Aholku bat nahi? Eseri argazkiak igotzera eta ikusi dituzun gauza miragarri guztiak sare sozialetan idaztera; Artium Museoan doakoa da wifia.

ERAZTUN BERDEA, PARKEZ PARKE

Gasteiz ez da harresiz inguratutako hiri bat, parkez inguratutakoa baizik. Berdearen eta etorkizun iraunkorraren aldeko apustua egin duen hiriaren asmo-adierazpena da. Halaber, bisitariari eskain dakiokeen ongietorririk onena da. Balio ekologiko handia eta nortasun propioa duten sei parkek osatzen dute "Eraztun Berdea" gaur egun. Honako hauek dira: Armentia, Olarizu, Errekaleor, Zabalgana, Zadorra eta Salburuko hezeguneak.

Armentia

Gehiago ere izango dira, biztanleak eta zuhaitzak berak bezala hazten ari den proiektu organikoa eta bizia baita. Denak elkarrekin, bat eginda hazten ari dira. Sei parkeak korridore ekologiko eta errekreatiboen bidez lotuta daude, eta herritarrek izan dezaketen babesik onena osatzen dute guztiek: ingurune garbia eta berdea.

Parkeetan barrena ibiltzeko bizikleta hartzea erabaki dut, baina, jakina, oinez ere joan daiteke; oso paseo atsegina eta zabala da. Nolanahi ere, nahiago dut txirrindularientzat dauden bide ugariak eta gehienez ere orduko 30 km-ra iristen den zirkulazio lasaiko 47 kaleak aprobetxatu, ekohiri honetako aire garbia aurpegian sentitzeko. Hiri honetan paseatzea plazer handia da. Izan ere, Gasteiz Europako Hiriburu Berdea izan zen 2012an. Niretzat ez dago natura baino gauza gustagarriagorik. Hori horrela da.

Gasteiz Berdearen aireko ikuspegia

Agian horregatik geratu naiz Gasteizekin maiteminduta, beste ezein hiri baino hobeto egokitu delako naturara, harrapatzen zaituen sinbiosi berde batean.

ATARIA, HEZEGUNEEN ATEA

"Ataria" Interpretazio Zentroa Gasteizko ekialdean dauden Salburuko Hezeguneetako aberastasun natural osoa ulertzen hasteko atea da (hiriko “Eraztun Berdea” osatzen duten parkeetako handiena da Salburukoa). Hara abiatu naiz, altxor natural honetan zer ibilbide egin erabakitzeko, eta informazio asko eman didate. Eremua Nazioarteko Hezegune Garrantzitsua (Ramsar) eta Garrantzi Komunitarioko Lekua (GKL) da, eta Europako Natura 2000 Sarean sartuta dago.

Ataria

Parkeak 206 hektarea ditu, eta hainbat ibilbide daude barruan. Gainera, bi hegazti-behatoki –paradisua da ornitologia atsegin dutenentzat–, eta hainbat aintzira ditu (Arkautekoa eta Betoñokoa dira nagusiak). Salburuak, gainera, funtsezko funtzioa betetzen du, kokatuta dagoen akuifero kuaternarioko substantzia kaltegarriak desagerrarazten dituen araztegi gisa baitihardu. Bertako floraren aberastasuna nabarmena da, eta, espezieen artean, ezpata-belarra (Carex riparia) azpimarratu beharra dago, landare horrek Salburuan duen eremu zabala Iberiar Penintsulan hobekien kontserbatuta dagoena baita.

Ataria

Landaredia kontrolatzeko artifizialki sartutako orein talde bat izan ezik, hezeguneko fauna osoa basa-jatorrikoa da. Salburuan 108 espezie daude, eta horien artean, Iberiar Penintsulako kakalardo karabidoen komunitaterik garrantzitsuenetako bat eta mehatxatuta dauden sorgin-orratz batzuk (hala nola Coenagrion mercuriale izenekoa) azpimarratu behar dira. Halaber, Euskadiko anfibio eta narrastien komunitaterik handienetako bat dago Salburuan, eta, horien artean, bertako galapagoak eta, bereziki, baso-igel jauzkaria nabarmentzen dira. Azken anfibio polit eta txiki hori hariztiko oihanpean bizi da, eta desagertzeko arriskuan dago Iberiar Penintsulan. Gainera, Europa osoko ugaztunik xarmangarri eta mehatxatuenetako bat (katamotz iberiarrarekin batera) bizi da Salburuan: bisoi europarra (Mustela lutreola). Ugaztun horren kontserbazioa lehentasunezko helburuetako bat da parkearen kudeaketan.

Ataria

Hezeguneak ur gaineko pasabide batetik zeharkatzen ditudan bitartean, leku honek ingurumena babesteko eta, zalantzarik gabe, zorioneko bisitariek gozatzeko zein garrantzitsua den pentsatu dut.