EXPERIENTZIAK DONOSTIAN

PARTE ZAHARREKO PASEOA

Donostiako Parte Zaharra hiriaren jatorria da. 1863. urtera arte, harresi batez inguratuta egon zen. Harresia eraitsi zenean, hiriaren Zabalgunea egin zen, eta herritarrek eta bisitariek gozatzeko espazio berdeak eskaintzen dituen arkitektura-altxor eder bihurtu zen hiria.

Donostiako Parte Zaharra

Hirigune historikoa Urgull mendiak, Urumea ibaiak eta Kontxako Badiak mugatzen dute era naturalean. Balkoiak dituzten etxeez eta kale ederrez osatuta dago, eta bertatik ibiltzea denboran bidaiatzea da. Gainera, oso giro alaia izaten da beti. Donostiako ingururik bisitatuena da, eta Erdi Aroko esploratzaileak bezala galdu nahi izaten gara bertan.

Koruko Andre Maria basilika

Nire gaurko helburua hiriko bi elizarik antzinakoenak bisitatzea da. Kontatu didatenez –ai, donostiarrekin egindako elkarrizketa zoragarri horiek–, zein elizatan bataiatu zaren kontuan hartuta, modu jakin batean deituko dizute. Hiriko tenplurik antzinakoena den San Bizente elizan bataiatu ziren zorionekoei koxkero deitzen zaie, tenpluko harri irtenak (koxkak) direla-eta. XVI. mendearen erdialdean eraiki zen, estilo gotikoan, eta barruan, erromanikoko erretaularik onenetako bat dago, Ambrosio Bengoechea eta Juan Iriarterena. Beirate izugarriek argi paregabea ematen diote barnealdeari. Alboko fatxada batean, Jorge Oteizaren Pietatea eskultura dago. Eta zoragarria da Cavaille-Coll artista frantziar ospetsuak 1868. urtean eraikitako organoa zuzenean entzutea, antolatzen diren musika-zikloetako batean. Haietako batean izan naiz, eta emozioak bete-betean harrapatu nau, ezin izan diot eutsi. Dena dela, oso ederra bada ere, Koruko Santa Maria basilikan bataiatuta daudenek ez dute inolako inbidiarik. Haiei josemaritar deitzen zaie, eta Donostiako himnoan ere aipatzen dira. Basilika XVIII. mendeko obra barroko bikaina da, eta kale Nagusiaren mutur batean kokatuta dago; fatxada bikain eta landuak ñabardura churriguereskoak ditu. Bataiarriaren ondoan, Eduardo Chillidaren gurutze-formako eskultura bat ikus daiteke. Halaber, Cavaille-Collek hirirako egindako beste organo bat (zaharragoa, 1863koa) entzun daiteke. Bisitaldia egin ondoren, eta nire pentsamenduetan murgilduta, Parte Zaharreko bihotzera iritsi naiz, balkoi koloretsuz inguratutako Konstituzio Plazara, alegia.

Parte Zaharra

Afaltzeko orduan, taberna eta jatetxeetako pintxoz betetako barra oparoak nituen zain, indarberritzeko eta, aldi berean, gozatzeko. Hain gustuko ditudan tabernako solasaldiak, jendea ezagutzeko aukera, alaitasuna. Arkitekturaren edertasuna ez ezik, alderdi hori ere lur zahar eta eder honen xarmaren parte da.

IGELDO

Igeldo mendia

Igeldo mendiak Donostia zaintzen du gailurretik. Hiriaren ikuspegirik onenetako bat eskaintzen duen lekua da. Haraino iristeko, funikular gorri polita hartu dut; 1912ko abuztuaren 25ean hasi zen mendi-hegala igotzen, eta ia ez da aldatu harrez geroztik (jatorrizko egurrarekin jarraitzen du), aldaketatxo batzuk egin badira ere. Funikularretik jaistean, Donostiaren ikuspegi ikaragarria agertu zait. Argazkiak egiten hasi naiz, baina ikusteko gauza asko daude gailur honetan. Adibidez, garai batean egur-itsasargia izan zen dorrera igo daiteke. Bertatik, Donostiako irudia are bikainagoa da. Itsas mailatik 180 metrora eraikita dago, eta Matxitxako lurmuturra eta Frantziako Landak ere ikus daitezke bertatik.

Kontxako Badia

Hala ere, ikuspegi ederrak eta piraten filmetako dorreak alde batera utzita, helburu bat bete behar dut bisitaldian: Igeldoko Jolas Parkea ezagutzea (sarrera funikularraren txartelean sartuta dago). 1911. urtean inauguratu zen, eta egia zioten parke paregabea dela esan zidatenek. Kantauri Itsasoaren eta Kontxako Badiaren gainean mendia inguratzen duen atrakzio batera igotzeko aukera ematen duen bakarra da. Suitzar Mendian, bikote batzuk txutxu-mutxuka ari ziren, goxo-goxo. Eserita geunden txalupetako mastak drakkarren erreprodukzioak dira (drakkarrak bikingoen herensuge beldurgarriak ziren, eta, kondairen arabera, euskaldunak mehatxatzen zituzten antzina). Diotenez, euskal mitologiako hiru aztik (Mari Zaharrak, Marik eta Mari Txikiak) drakkarrak harrapatzea erabaki zuten, eta, horretarako, olatu-arao bat egin zuten. Horrela suntsitu zituzten, eta gaur egun parke honetan baino ezin dira ikusi, egurrezko irudi gisa. Parketik nenbilela, Barrearen Etxetik irribarretsu irteten ziren gazte talde batzuk ikusi ditut, eta txikienak ohe elastikoan zebiltzan. Dena probatu dut eta dena gustatu zait, baina, sartu orduko, Beldurrezko Etxea atrakziorik gogokoena iruditu zait. Parkean, beste garai batzuen xarmaz eta munduko ikuspegirik onenez goza daiteke, eta, gainera, drakkar beldurgarriak daude. Ez dago beste ezer eskatzerik. Itzultzea, akaso.

BIZIKLETAZ

Donostia ia laua denez gero, leku aproposa da paseatzeko eta hirian barrena bizikletaz ibiltzeko.

Donostiako Bidegorria

Garraiobide honen alde egindako apustu irmoari esker, gaur egun txirrindulari asko ibiltzen dira Donostiako kaleetan, turista gisa edota garraiobide ekologiko hori aukeratu duten herritar gisa. Hiriak, gainera, bizikleta publikoen Europako lehen sistema guztiz elektrikoa du. Bizikletentzako bidegorrien sareak 30 kilometro baino gehiago ditu. Horregatik, bizikletaz ibiltzea errazagoa eta seguruagoa da. Gainera, 590 bizikleta-aparkaleku daude bizikleta uzteko eta, adibidez, Kontxako hondartzara joan eta bainatzeko.

Ondarretako Bidegorria

Horixe egin dut denda ugarietako batean bizikleta bat alokatu ondoren egin dudan lehen geldialdian. Lehortu ondoren, bizikleta hartu dut berriz, eta Eduardo Chillidaren Haizearen Orrazia izeneko eskultura bikaina ikustera abiatu naiz. Oso gustuko dut bertan gelditzea eta olatuak nola lehertzen diren ikustea. Handik, hiriko goialdera igo naiz, eta Pierre Ducasse baratzezainak diseinatutako Aieteko Lorategia bisitatu dut. Parke aparta da, eta irakurtzeko edo solasean aritzeko bazter zoragarriak ditu. Edota, besterik gabe, urmaeleko ahateak eta beltxargak ikusi edo ur-jauziaren zurrumurrua entzun daiteke. Lorategiek Aieteko Jauregia inguratzen dute. Jauregia 1878an eraiki zen Bailengo dukeentzat, eta kulturagune animatu bat da gaur egun. Igoerak merezi du, bake handia sentitzen baita.

Gipuzkoa Plazako Bidegorria. Donostia

Erdigunera itzultzeko prestatu naiz, eta aurpegian aire freskoa sentitzen nuen bitartean, norabiderik gabe ibiltzea, hiriburuan galtzea eta bertako milaka sorpresak ezagutzea erabaki dut.

AQUIARIUM ETA PORTUA

Donostiako Aquarium-Itsas Jauregia Euskadiko lekurik bisitatuenetako bat da (300.000 bisitari baino gehiago ditu urtean). Eraikin enblematiko hau 1928an eraiki zen, eta Gipuzkoako itsas ondareari eskainitako bi oin ditu.

Aquarium

Barruan, euskal balea baten eskeleto ikaragarria eta 200 itsas espezie baino gehiago daude. Gainera, espezie horiek angelu guztietatik ikusteko aukera ematen duen 360º-ko tunel ospetsua nabarmentzen da. Jakina, lelotuta geratu naiz marrazoei begira. Kantauri Itsasoko bisitaldi gidatua egitea erabaki dut (eskaintzen diren bisitaldi ugarietako bat). Izan ere, itsasoa hertsiki lotuta dago Donostiarekin, eta bisitaldiak hiria hobeto ulertzen laguntzen du. Eta ez dit huts egin. Istorioen eta kondairen artean, itsaso honetan mehatxatuen dauden espezieak azpimarratu dituzte, hala nola legatza eta sakoneko korala. Txapela kendu behar dut Euskadiko espiritu ekologikoaren aurrean.

Aquarium

Bisitaldiaren beste helburu bat lurralde historiko honek Kantauri Itsasoarekin duen lotura estua ezagutzea zen. Itsasoak bertako kondairak, oroimena eta iragana lantzen izan duen garrantzia ikustea, alegia. Ingurumena errespetatzen duen arrantza, itsasoko bizitza, traineru-estropadak, itsasoak artean duen garrantzia… dena bizkor-bizkor azaldu digute labur egin zaidan bisitaldi honetan. Bestalde, haurrak dituzten familiek eta eskola-taldeek Aquariumean lo egin dezakete, arrainen artean. Esperientziak ikaragarria izan behar du. Ai, familia edo ikasle banintz!

Karrakela Salmenta-Portua. Donostia

Bisitaldia amaitzeko, terrazara igo naiz, itsasoa ikustera. Ondoren, Kontxako badiaren ekialdean eta Urgull mendiaren tontorreko Jesusen Bihotzaren estatuaren azpian dagoen portura abiatu naiz. Portu txikia da, triangeluarra, arrantza-eremu bat eta aisia-eremu bat dituena. Leku aproposa da karrakela eta izkira egosien kukurutxo bat jateko. Itsasoaren zapore zoragarria zabaltzen da ahoan, leherketa batean bezala. Gainera, jatetxe eta taberna txiki batzuk ere badaude. Itsasoari begira beti. Eguna pasatzeko era atsegingarria.

Irudiak