ESPERIENTZIAK BILBON

ITSASADARREKO PASEOA

Nerbioi Itsasadarrak txundituta ikusten du Bilboko bilakaera, eta hiriak, azkenean, begirada itzuli dio betiko. Horretan pentsatu dut itsasadarrean ibiltzeko piragua bat alokatzera nindoan bitartean.

Bilboko Itsasadarra

Bidaia Itsas Museoaren ondoan hasi dugu, eta, lehenik eta behin, segurtasun-arauak eta palari eragiteko modua azaldu dizkigute. Uretan bertan egiaztatu dudanez, erraz samarra da. Ibilbidea taldean egin dut, eta, egin ditugun geldialdi ugarietan, Bilboko historia kontatu, eraikinik garrantzitsuenak adierazi, eta eraikin bakoitzari lotutako pasadizoak kontatu dizkigu gidari batek. Azaldu digunez, eraikin horiek goitik behera aldatu dute hiria, hiri eder eta moderno bihurtu arte, betiere aspaldiko kutsua galdu gabe. Piraguatik, Guggenheim Bilbao Museoa miretsi dugu denok. Athletic Club izeneko hiriko futbol-taldearen estadiotik –hots, San Mames estadiotik– igarotzean, txaloka eta aupaka hasi gara.

Guggenheim Bilbao Museoa

Oso zubi ederren azpitik pasatu gara, eta horien tripa metalikoak ikusi ditugu. Deustuko zubiaren azpian, merkantzia-ontzi handiak etortzen zirenean zubia irekitzeko erabiltzen zituzten poleez betetako bi tunelak ikusi ditugu hurbiletik. Halaber, benetako marinel-herriak ikusi ditugu hiri barruan. Industria-hiri honek turismorako altxor bihurtu arte izan dituen aldaketa handietan pentsatu dut.

Calatravaren Zubia. Bilbo.

Itsasadarreko uretatik jaistean nituen sentsazioak deskribaezinak dira. Nolanahi ere, ingurumena berreskuratzeko plan bati esker, garai bateko ur ilunak garbi daude orain, eta ibilbidearen amaieran haurrak bezala plisti-plasta ibiltzeko aukera ere eman digute. Ibilbidea gauez ere egin daiteke, eta Bizkaiko hiriburua miresteko beste modu interesgarri bat da.

ALDE ZAHARRA

Alde Zaharra (edo Zazpi Kaleak) dena hasi zen lekua da.

Bilboko Alde Zaharra

Bertan sortu zen hiria, eta oraindik ere Historia handiaren zaporea gordetzen du hormetan. Eremu honetan, eraikin historiko ugari ditugu: Santiago katedrala, San Anton eliza, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa, Bidebarrietako Udal Liburutegia, igandeko azoka eta Santo Tomas feria egiten diren Plaza Berria eta abar.

San Anton Eliza

Dena dela, nagusiki Plaza Berrian, Txakur kalean edo Goienkale kalean biltzen diren, baina eremu osoan oso interesgarriak aurki daitezkeen pintxo-tabernetan gozatzen da bete-betean Alde Zaharrean. Egun batez txikitero bihurtzeko eta tabernaz taberna eta pintxoz pintxo ibiltzeko asmotan abiatu naiz, pintxorik gozoenak bilatzera eta baso bat ardo, sagardo edo txakolinekin edota kalimotxo edo zurito batekin laguntzera.

Jardines Kalea. Bilbo

Biziki gomendatu didate txibierro, tigre, barrengorri, bakailao, piper eta tortillako pintxoak dastatzea. Zaporeak zoragarriak dira. Harrituta uzten nau hain mokadu txiki batek hain sukaldaritza handia biltzeak. Azkenean, 'Bilboko ura' eskatu dut, hau da, kopa bat cava; 'hemen xanpaina ura bezala edaten delako' deitzen diote bertakoek horrela. Bizitzaz betetako hirigune historiko eder honen alde egin dut topa. Eta jarraitu egin dut gozatzen.

Pintxoak

ZUBI ESEKIA

Mila izeneko zubia da Zubi Esekia. Bizkaiko Zubia, Getxokoa, Portugaletekoa, Bilbokoa edo Palaciorena (proiektatu zuen arkitektoaren –Alberto de Palacio y Elissague– omenez).

Bizkaiko zubia

Aldi berean –eta nondik begiratzen den– hain trinkoa eta hain arina den eraikin handi hau Bilboko ikurretako bat da. Jatorrizkoa beltzez pintatuta zegoen, eta erradiazio termiko handiegia xurgatzen zuenez gero, Somorrostroko betako egungo kolore gorrixkarekin ordeztu zen. Goialdeko pasabide batek zubian paseatzeko aukera ematen du, eta, bertara iristeko, bi igogailu daude. Ikuspegia bikaina da. Ez zait harritzen 2006. urtean UNESCOk Gizateriaren Ondare deklaratu izana. Erakunde horrek altzairuzko kable txirikordatuen erabilera berritzailea azpimarratu zuen, eta Industria Iraultzan burdinan egindako arkitektura-obrarik nabarmenetakotzat hartu zuen.

Bizkaia Zubiaren pasabidea

Bestalde, transbordadore batzuek itsasadarraren bi aldeak lotzen dituzte zortzi minutuan behin; minutu eta erdiko bidaia da. Zubia bizirik dago, eta bisitariek miresteko ez ezik, bilbotarrek joan-etorriak egiteko ere erabiltzen da. Gidari batek pasabiderik garaienetatik zubiaren eraikuntzaren sekretuak azaltzen zizkigun bitartean, eguzkia Nerbioi itsasadarrean sartu da. Ikuspegi ahaztezina izan da.

Zubi Esekia. Bilbo

ARKITEKTURA GARAIKIDEA

Bilbon, azken urteetako historiaren arrastoei jarrai dakieke bertako eraikinen bitartez. Izan ere, eraikin horiei esker, industria-hiri iluna zena mundu osoko bisitariak erakartzen dituen hiri argitsu bihurtu da, ipurtargi bat bezalakoa. Munduko arkitektorik ospetsuenetako batzuek utzi dute beren arrastoa hirian.

Euskalduna Jauregia

Frank O. Gehry-ren Guggenheim Bilbao Museoak eman zion hasiera aldaketari bere bolumenekin eta arrain-ezkatekin, eta hiriko ikur bihurtu da, hiriari betirako lotua. Baina ez da bakarra. Santiago Calatravak diseinatutako “Usoa” izeneko Bilboko Nazioarteko Aireportuarekin, arkitektura modernoaren munduan murgiltzen dira Bilbora hegazkinez iristen direnak. Era berean, Bilbon zehar ibiltzeko metroa hartzen dutenek Sir Norman Foster-en eta haren taldearen sorkuntzaz goza dezakete. Proiektuak trenbide-arkitekturako Brunel Saria lortu zuen 1998an (proiektuak, oro har, eta Sarrikoko geltokiak, bereziki). Halaber, honako obra hauek azpimarratu behar ditugu: Federico Soriano eta Dolores Palacioren Euskalduna Jauregia (2003an Munduko Biltzar Jauregirik onena aukeratu zutena), Campo Volantin pasealekua eta Uribitarte pasealekua lotzen dituen eta itxurazko arintasunagatik harrituta uzten duen Calatravaren Zubi Zuria (leku zoragarria da ukitu artistikoko argazkiak egiteko), Cesar Pelli-ren Iberdrola Dorrea eta Bilboko itsasargia.

Bilboko metroa

Edota Deustuko Unibertsitateko Liburutegi berria, Rafael Moneorena, edertasun zirraragarria duena. Eta Isozaki Atea osatzen duten zazpi eraikinak, Arata Isozaki arkitekto japoniarrarenak. Arkitektura eta diseinua gustuko dutenek ezinbestez bisitatu beharreko beste eraikin bat Alondegia da, garai batean ardo-biltegia izan zena eta Ricardo Bastida arkitektoak estilo modernistan egin zuena. Philippe Starck-en proiektu baten arabera berritu ondoren, aisiarako 15.000 metro koadroko kulturagune bikaina da gaur egun. Eta inoiz baino biziago dagoela frogatzeko, Zaha Hadid arkitektoak diseinatutako zabalgune bat egingo du Bilbok. Zabalgune horren bidez, eta 20 urte inguruko epean, Zorrozaurreko penintsula uharte bihurtuko da, eta zubi ugariren bidez egongo da lotuta itsasadarreko bi ertzekin. Uharte horretan, itxura ultramodernoko bizitegi-eraikinek agerian utziko dute gaur egun errealitate dena, hots, Bilbok etorkizunaren alde egin duela. Platonek berak adierazi zuen edertasunaz inguratuta bizitzea gizakiarentzat oso onuragarria dela, eta, beraz, bilbotarrak zorionekoak direla esan behar da.

Irudiak