ENEKO ATXA

SUKALDARI

Bere lehen jatetxea, Azurmendi jatetxea –Bilbotik 10 minutura kokatzen da, landa-eremu zoragarrian– ireki eta bi urtera, Eneko Atxak (Zornotza, 1977) lehen Michelin Izarra eskuratu zuen. Hiru urte geroago, 2010ean, bigarren izarra lortu zuen eta 2012an, berriz, hirugarrena. Horrela, Bizkaian sari hori jasotzen zuen lehen jatetxea bilakatu zen Azurmendi. Eneko Atxaren arrakasta abangoardia eta tradizioaren uztartze paregabean datza, nortasuna duen sukaldaritzaren bila dabilelarik beti. 2014ean, Elite Traveller aldizkarian munduko 100 jatetxe onenen artean zazpigarren lekuan kokatu zuten Azurmendi jatetxea, eta munduko jatetxe jasangarrienaren saria ere jaso du. Eneko Atxak, bestalde, sari ugari jaso ditu. Chef eta ikertzaile gazte honek, halaber, Esentzia Tridimentsionalak edo Salda Kontzentratuak teknika berritzaileak garatu ditu, naturaren usainak dakartzaten Ultrasoinu Fokalizatuen eta Naturan prototipoaren Sorreraren bidez. I+G arloko proiektu ugaritan parte hartzen du, eta aurreikusi daiteke bere ibilbide gastronomiko berritzaileak etorkizunean ere arrakastak lortuko dituela.

Google
LinkedIn
Eneko Atxa
GALDERA-SORTA
Ez dut Euskadi ezagutzen, nondik hasi beharko nuke nire bisitaldia?

Urdaibai eta Bilbo, jakina.

Euskal gastronomiaren platerik onena…

Garai bakoitzak altxor desberdinak eskaintzen ditu; jarrai itzazu aholkuak.

Zein da zure pintxorik gogokoena? Zuk egin ohi duzun baten bat agian?

Izugarri atsegin ditut gildak.

Euskal musikaren aniztasun aberatsaren artean, zein da zure kantu eta/edo egile kutunena?

Mikel Urdangarin asko gustatzen zait, baina nire kantu gogokoenak Benito Lertxundiren "Udazken Koloretan" eta Zea Maysen "Elektrizitatea" dira.

Arteari lotutako zein txoko (eliza, museoa, eskultura…) ez nuke galdu behar Euskadi bisitatuz gero?

Bilboko Arte Ederren Museoa.

Esadazu zuretzat oso berezia den Euskadiko txoko bat, bertan galtzea atsegin duzun bat.

Gaztelugatxeko Doniene.

Haurrekin bidaiatuz gero, nora joan beharko nintzateke edo haurrekin zein jarduera egin nitzake?

Euskadin jarduera ugari egin daitezke haurrekin, hala nola, patinetan ibili, mendira edo hondartzara joan. Getxo edo Donostiako Aquariumeko bisitaldiak liluratuko ditu.

Zein aholku emango zenioke Euskadira lehen aldiz bidaiatzen duen pertsonari?

Bertako jendearen aholkuei kasu egitea eta gure kulturaz bustitzea, jarduera folklorikoetatik hasi eta modernoetaraino.

Zeren hutsunea sentitzen duzu zure lurraldetik urrun zaudenean?

Janaria, paisaiak, ohiturak, usainak...

Zure ustez, Euskadiren gauzarik ederrena da…

Pertsonak, inguruak eta gastronomia.

Kanpoko lagunen bat bisitan datorkizunean, zer erakusten diozu derrigor?

Gure bertako gastronomia aberatsa eta oparoa.

Euskadi noiz dago ederrago, udaberrian, udazkenean, neguan edo udan?

Euskadi zoragarria da urte osoan zehar, beti dago altxorren bat erakusteko.

Zein da Euskadiko zure festa edo ekitaldi gustukoena?

4 urtetik behin ospatzen den Bertsolari Txapelketaren finala.