DONOSTIA

AMETSEZKO 6 KM

Paseatzea donostiarren jarduerarik gogokoenetako bat da. Haien atzetik eginez gero, hiri eder hau ezagutuko dugu, mendien artean kokatua, baina beti Kantauri Itsaso zaratatsura begira dagoena.

Kontxako Badia

Mendi berdeek eta Kantauri Itsasoak, beren kolore aldakorrekin, Donostia altxor bat izango balitz bezala gordetzen dute. Eta halaxe da. Polita eta dotorea, Euskadiko lurralde historikoetako baten –Gipuzkoaren– hiriburu txikia badia baten aurrean dago eta bere xarmak erakusten ditu bata bestearen atzetik. Hiria natura ikusgarriaren jabe da, eta modu paregabean egokitzen zaio. Ipar Euskal Herriko mugatik 20 kilometrora dago, horren eragina agerian dago kaleetan, eta hurbiltasun horrek bidaiarien etengabeko joan-etorria sortzen du bi noranzkoetan. Askok dio Paris gogorarazten diela, baina tamaina txikian eta itsasoarekin. Hala eta guztiz ere, bertan dauden hainbat lorategi eta eraikinen frantsestea nabarmena izan arren, Donostia paregabea da. Bere kultura, bere tradizioak eta, zalantzarik gabe, bere jendea direla medio. Donostiarrak, beste ezeren gainetik, pozik daude beren hiriarekin, eta maitasun sakon hori bisitariari transmititzen diote nazioartean turismo-jomuga gogokoenetako bat bihurtu zenetik. Kanpotarren etengabeko etorrera horrek bertako jendearen izaeran eragina izan du, irekiak eta abegitsuak baitira.

Nire ezagun Josebari hiriaren Historiari buruz galdetu diot, eta berehala hasi da harro hitz egiten. Adierazi dit gotorleku-hiri militartu txiki bat zela, baina 1863an bere harresiak apurtu eta itsasoari begira jartzea erabaki zuela. Horrelaxe hasi zen gaur ezagutzen dugun hiri berri eta bikainaren eraikuntza. Hasieratik turismora zuzenduta egon zen, eta etorkizunerako ikuspegi bikainarekin hartutako zentzuzko erabakia izan zen. Naturak emandako dohainak nabarmentzen jakin izan dute donostiarrek, lurraren eta itsasoaren arteko harmonia paregabea duen hiria eraikiz. Espainiako erregina Maria Cristinak berehala hautatu zuen uda igarotzeko leku, bere larruazala hobetzeko itsas bainuak hartzeko. Bere gorte osoarekin batera, harremana izan zuen hiriarekin 1893tik 1928ra arte.

Erreginaren eta haren gortearen etorrerarekin, hiria mota guztietako azpiegiturez hornitu zen, beti bisitariari begira baina bere herritarren gozamena inoiz ere ahaztu gabe. Jolas-parkea, kasinoak, golf-zelaiak, plater-tiroketa, itsas jarduera, jatetxeak, saltokiak eta tabernak, denetatik zegoen, ugari gainera, XX. mendearen hasieran. Hori guztia zela medio, turismoaren erreferente bihurtu zen. Hobetzeko xedea zutenek eredu gisa hartzen zuten hiria. Orduz geroztik gero eta jende gehiago etortzen da Donostiara. Hiriak duen onena sekula bere dimentsioak galdu ez izana da. Donostiaren izaera ondo definitzen duen modura egin zen: giza eskalan. Eta hori da bertako biztanleek –200.000 baino gutxiagok– bizi-kalitate onaz gozatzea ahalbidetzen duen arrazoietako bat. Toki guztietara bizkor iristen zara, auto-ilararik eta jende-pilaketarik gabe. Hainbatek dionez, hori da zoriontasunerako gakoetako bat. Hori frogatzeko, Josebak bonboi-hiri hau, berak halaxe deritzo, ezagutzeko paseo bat egitea proposatu dit, kanpotik nahiz barnetik gozo-gozoa baita.

Igeldo mendia

Mende bat baino gehiago duen eta Igeldo mendiaren tontorrera eramango gaituen funikular batera igoz hasi da paseoa. Ibilbideak merezi du, baina onena helmugan dago, Donostiaren panoramika bikaina zabaltzen denean, hainbeste argazki eta postaletan agertzen dena. Hondartzek, itsasoak eta hiriak distira egiten dute. Hemendik, egingo dugun paseoa ikus dezakegu, beti ekialderantz, kostaldeko bide-ertzetik Ulia mendira iritsi arte, hiriko hiru hondartzetatik eta haren eraikin eta txoko adierazgarrienetako batzuetatik igaroz. Jaisteko prestatzen gara, baina jaitsi baino lehen nire buruari esan diot Igeldora itzuli behar dudala, bertan dagoen Jolas Parke ederraz gozatu ahal izateko.

Haizearen Orrazia

Jaitsi ondoren, 200 metro eskas ibiliz Haizearen Orrazira, Eduardo Chillida artista ospetsuaren eskultura handientsura iritsi gara. Sentitzen dut sinbolo baten aurrean nagoela eta harkaitzei itsatsita, ia bat eginda, harria errukirik gabe kolpatzen duten olatuen zaratan betiko murgilduta dauden burdinazko hiru eskultura horiek lur honetako biztanleen izaera estoikoari eta Kantauri Itsasoarekiko sustraitzeari buruz asko esaten dute. Nire lagunak irribarre egin du hori esan diodanean. Baliteke oker ez egotea.

Ondarretako hondartza

Ekialderantz abiatuz Ondarretara iritsi gara; gure ibilbidean aurkituko dugun Donostiako lehen hondartza. Paseatzaile ugari daude. Donostiako jendeak gogoko du paseatzea, eta urteko edozein garaitan ikus ditzakegu oinez, presarik ez balute bezala, gozatuz. Hondartzako toldoek eta karpek, marra zuri eta urdinak dituzten oihal bereizgarriarekin, oso itxura dotore eta retroa ematen diote. Edozein unetan Belle Époqueko arropekin jantzitako koadrila bat agertzen dela irudika dezaket. Itsasoan sartzeari uko egitea gogorra da, baina jarraitu egin behar dugu, asko geratzen baita ikusteko.

Miramar Jauregia

Loretopeak, istmo txiki batek, hondartza hori eta hurrengoa banantzen ditu itsasgora dagoenean. Istmo horren gainean Miramar Jauregia dago, bista onenak eta bisita daitekeen lorategi bat dituena. Hiriak María Cristina erreginari egin zion oparia da, Donostiako gozamenen enbaxadore handia izateagatik. Gaur egun eraikin publikoa da, eta bista paregabeak ditu.

Kontxako hondartza

Istmoaren ondoren, munduko hiri-hondartza ederrenetakotzat jotzen den hondartza dago: Kontxako hondartza, oso dotorea, hondar fin eta argia duena. Bainu-etxolak ikus daitezke horizontean. Ez nau harritzen jendea bere hondartzarekin hain harro egotea. Oso ondo zainduta dago eta uste dut munduko hondartzarik dotoreena dela. Ez dut imajinatzen jendea garrasi egiten, eta bertan ez nuke ogitarteko bat jan ere egingo. Hondartza dotorea da, tamarindoz inguratua. Gainera paregabea da, olatuetatik babestuta dagoen lekua delako. Hondartzarako sarreretan harrizko erlojuak daude, eta baranda bereizgarri bat dauka. Behealdean, ia hondartzaren parean, hegal bat dago, eguraldi txarra dagoenean hurbil baina busti gabe egoteko aukera ematen duena. Dena oso ondo pentsatuta dago. Gure ezkerraldean dauden eraikinek estatu osoko metro koadrorik garestiena dute. Bistek hala merezi dute.

Alderdi Eder eta Udaletxea

Amaiera aldean Alderdi Ederreko lorategiak daude, hondartzaren lehen lerroan, hiriari aire gehiago emanez, baita kasino zaharra ere, gaur egun Udaletxe ikusgarria dena. Merezi du bertan minutu batzuk egotea, zuhaitzen baten azpiko itzalean atseden hartzea. Bikotekidearekin bazoaz toki erromantikoa da, eta haurrekin joanez gero, berriz ziur gozatuko dutela bertan dagoen zaldiko-maldikoan.

Arrantza-portua

Paseatuz eta solasean jarraitzen dugu Donostiako arrantza-portura iritsi arte; hiriaren beste altxor bat da, eta bertan dagoen lekurik babestuena. Hotza dagoen arren, portuan beti graduren bat gehiago izango da, oso ondo babestuta dagoelako. Jatetxe eta taberna txikiak ere badaude. Aholku bat nahi? Karrakela eta izkira (itsas kurkuiluak eta ganba txikiak) egosien kukurutxo bat erosi, freskoak eta zapore paregabekoak baitira. Gozamen handia da txakolin edo sagardo batekin jatea, portuan itsas aurrean eserita zaudela, eta gorriz, berdez, urdinez edo beltzez, lau kolore bereizgarriez margotuta dauden itsasontzi tradizionalei begiratuz. Bide batez, portutik ontzi turistiko bat ateratzen da, hondartzetan barrena paseo bat emanez. Ontziaren izena Ciudad de San Sebastián da. Eta beste ontzi batek Santa Klara uhartera eramaten zaitu.

Aquarium

Portutik Donostiako parte zaharrera, gotorleku militarrera, sar gaitezke, baina hori geroago egingo dugu. Aurrera jarraitzen dugu Aquariumera iritsi arte; txikienek gogokoen duten tokietako bat da, eta Donostian bisita gehien jasotzen dituen museoa. Arrain ugari dabiltza igerian bikain landutako igerilekuetan. Marrazoen igerilekua ikusgarria da. Museo honetan itsasoari begira dagoen hiri baten historia azaltzen da. Amaitzerakoan goiko zabalgunera igo behar da, badiaren beste ikuspegi eder bat ikusteko, hainbat angelutatik ikusten ari garen badia, alegia.

Eraikuntza Hutsa

Pasealeku Berrian barrena hasi gara Urgull mendia kostaldetik zeharkatzeko; goialdean dagoen hiri-parke bat da, tontorrean Jesusen Bihotzaren Monumentua duena. Jorge Oteizaren Eraikuntza Hutsa eskultura handira iritsi gara; “Haizearen Orraziaren” beste muturrean dago, badiaren zirkuluerdia amaitzen den tokian. Donostian ekaitza dagoenean, olatuak 15 metroraino iristen direnean, bertatik egin ohi dira ekaitzaren eta olatuen argazki tipikoak. Ekaitzaren ikuspegirik harrigarrienetako bat itsaski handia dagoenean eta olatuek kai-muturra gupidarik gabe kolpatzen dutenean sortzen da. Erne, olatuekin busti-busti eginda gera zaitezke, eta ekaitza oso handia bada, hobe duzu gehiegi ez harrotzea. Gatz-usainaz blai geratzen zara, eta ezpainetan itsatsita geratzen da.

Kursaaleko Zubia eta Jauregia

Kostaldea inguratzen jarraitzen dugu, Donostia zeharkatzen duen Urumea ibaiaren bokalera iritsi arte. Kursaal zubitik Kursaal Kongresu Jauregia ikusten dugu, Rafael Moneo arkitektoaren obra ikusgarria. Eraikinak osatzen dituzten bi kuboak bokalean dauden harkaitz karratuak dituzte inspirazio-iturri. Donostia frantsestuarekin lotura hausten duten forma organikoak dira, hiriari etorkizuneko irudi bat eskaintzeko. Kontraste ikusgarria da. Donostiako kultura-ekitaldi handiak bertan egiten dira.

Zurriolako hondartza

Behin zubia igarota, eraikinaren alboan Zurriolako hondartza ikus dezakezu, Donostiako hirugarren hondartza, surflarien hondartza esaten zaiona. Ez du uharterik aurrean eta olatuak aske iristen dira. Atzean Ulia mendia dago, eta babestu egiten duela dirudi. Ulia mendiaren tontorretik bista berriz ere ikusgarria da: Zurriolako hondartza, atzerago kuboak, Parte Zaharra eta badia, atze-atzean ikusten dena. Koadro eder batean bezala, surflariek kolore-pintzelkadak ematen dizkiote itsasoaren urdin eta zuriari; izan ere, horregatik deritzo San Sebastián Surf City. Panoramika horrekin ixten dugu beti ederra, beti desberdina den hiri honen kaleidoskopioa.

Irudiak