BILBOTIK ORDU 1 BAINO GUTXIAGORA

10 MINUTURA: GETXO

Kantauri Itsasoaren eta Nerbioi Itsasadarraren bokalearen artean kokatuta dagoen herria da Getxo, eta Bizkaiko jauretxerik ederrenetako batzuk bertan daude, Areeta auzoak XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara arte izan zuen oparotasun ekonomikorik handieneko garaiaren oroigarri. XII. mendean eraikitako Andra Mari eliza bisitatzea eta Aixerrotako errotatik hasita Galeako itsaslabarretatik paseatzea ezinbestekoa da.

Getxoko Portuaren aireko ikuspegia

30 MINUTURA: GERNIKA-LUMO

Arkitektura-aberastasun handiko hiribildu hau askatasunen eta bakearen sinboloa da. Hasteko, Bizkaiko erakunde-organo gorenaren egoitza den Gernikako Juntetxea bisita daiteke. Estilo neoklasikoko eraikin ikaragarria da, euskaldun guztien espirituaren sinboloa den zuhaitz mitikoaren ondoan eraikia. Bakearen Museoak, bestalde, Alemaniako abiazioak 1937ko apirilaren 26an Gernikan egindako bonbardaketa tragikoa ekartzen du gogora, eta bakearen kultura zabaltzea du xede. Era berean, Picassoren “Guernica” irudikatzen duen murala ikus dezakegu.

Gernikako Juntetxea

30 MINUTURA: URDAIBAI

Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Oka ibaiaren bokalean dagoen estuarioan kokatua, hamabi hondartza zoragarriz gain, galtzeko moduko bazter bikainak daude. Azalera eta kontserbazio-egoera kontuan hartuta, Euskadiko hezegunerik garrantzitsuena eta hegazti migratzaileentzako atseden- eta negupasa-eremu garrantzitsua da. Beren balio handiagatik, Foruko erromatarren garaiko aurriak eta Arratzuko Arrola kastroa (Burdin Aroko herrixka gotortu bat) azpimarratu behar dira.

Urdaibai

30 MINUTURA: URKIOLAKO PARKE NATURALA

Bizkaiko hegoaldean kokatuta dagoen Urkiolako Parke Naturala eskalatzaileen paradisua da, eta pago, haritz, arte, urki eta ametzez osatutako baso naturalik ederrenetako batzuk daude bertan. Parkeko mendietako habitatetan, fauna aberatsa eta askotarikoa dago. Parketik hurbil, bi udalerri garrantzitsu ditugu: Durango eta Elorrio.

Urkiolako Parke Naturala

40 MINUTURA: GAZTELUGATXEKO DONIENE

Bermeon dagoen uharte txiki bat da Gaztelugatxeko Doniene, eta istmo batetik iristeko aukera dago. Bertan, Doniene ermita dago, eta 231 eskailerako bidea egin behar da goraino iristeko. Ondoan duen Aketx izeneko uharte txikiarekin batera, Bizkaiko Golkoan Bakiotik Matxitxako lurmuturrerainoko tartea hartzen duen biotopo babestu baten parte da.

Gaztelugatxeko Doniene

40 MINUTURA: OMAKO BASOA

Omako Basoa (edo Baso Margotua) leku magikoa da Agustín Ibarrola euskal pintore eta eskultoreak irudipena askatu eta pinuak margotu zituenetik; nondik begiratzen den, pinuen forma aldatu egiten da.

Omako Basoa

50 MINUTURA: LEKEITIO

Lekeitio Lea ibaiaren bokalean dagoen arrantza-herri eder bat da, bi hondartza dituena: Isuntza eta Karraspio (Mendexa). Gainera, ondare artistiko bikaina du, eta Santa Maria basilika eta bertako erretaula gotiko urreztatu zoragarria azpimarratu behar dira. Ez galdu itsasbeheran Gorraitz uhartera oinez paseoan joateko aukera.

Lekeitio

HALABER, ORDUBETE BAINO GUTXIAGORA...

Gasteizera joan zaitezke Santa Maria Katedrala "Obrengatik irekia" izeneko bisitaldi interesgarriaren bidez ezagutzera eta Eraztun Berdeko parkeetan bizikletaz ibiltzera. Edota ardoen munduaz goza dezakezu Arabako Errioxako upeltegietan, eta bisitaldia ardoterapiako tratamendu batekin amai dezakezu spa ugarietako batean. Halaber, Donostiako Kontxako hondartzara joan zaitezke, eta ongi baino hobeto jan dezakezu Donostiako Pintxoen Ibilbide ospetsuan.