BILBO

ARTEMORFOSIA

Kurtsorea irudiaren gainetik mugitu

Frank Gehryk Guggenheim Bilbao Museoa proiektatu zuenean, gauzak betiko aldatu ziren. Bilbo, garai batean industria-hiria izan zena, arte-erreferentzia da gaur egun mundu osoko bisitarientzat. Aldaketa hori gorabehera, oso-osorik dirau burdinak eta urak Bilbori eman dioten nortasuna.

Bilbo. Guggenheim Museoaren zabalgunea

Bilbo izan zen ezagutu nuen Euskadiko lehen hiriburua, eta Bilbora itzultzea amesten dut beti. Industria-hiriak atsegin ditut, baina Bilbok harrituta utzi gaitu ni eta mundu osoa, goitik behera eraldatu baita. Nortasun-izpirik galdu gabe, arte huts bihurtu da Bilbo, eta garai batean burdina eta ikatza zegoen lekuan artea dago ikusgai. Ingurumen- eta hiri-arloko eraberritze-planari esker, edertasuna dario Bilbo berriari. Eta Frank Gehry arkitektoak diseinatutako eta bertako bandera-ontzia den Guggenheim Bilbao Museoko titaniozko hormek bezala egiten du argi Bilbok. Museoa Bizkaiko hiriburuak bizi izan duen “artemorfosiaren” hasiera izan zela esan daiteke. Garai batean ontziolak eta hainbat industria-enpresa zeuden lurretan, Abandoibarrako eraldaketa espaziala egin da. Eremu zabal horrek saria jaso du nazioartean, eta turismo-helmuga indartsu bihurtu du Bilbo.

Bilbo. Iberdrola Dorrea

Gaur egun, hiriko ingururik bisitatuenetako bat da Abandoibarra. Bertan, hiria modernizatzeko eta hiriari edertasun artistikoa –eta funtzionala– emateko sortutako eraikin ugari daude. Hiria arkitektura-altxor bihurtzeko ekarpena egin duten profesional ospetsuenak dira guztiak. Haiei esker, etorkizuna oraina da Bilbon.

Adibidez, Euskalduna Jauregia dugu, Federico Sorianok eta Dolores Palaciok egindakoa. Edota Deustuko Unibertsitateko Liburutegi berria, Rafael Moneorena. Edota Iberdrola Dorrea, César Pelli arkitektoaren proiektua: 165 metroko garaiera du, eta Euskadiko eraikinik garaiena eta estatuko bulegoetarako etxe-orratzik handiena da (50.000 metro koadroko azalera du). Eraikin horretarako diseinatutako kristalezko panelei esker, larruazal zeharrargitsu bat dirudi fatxadak. Zalantzarik gabe, Sir Norman Fosterrek diseinatutako Bilboko Metroak beste iraultza bat ekarri du hirira. Fosterren arkitekturaren bereizgarri diren linea ederrek osatutako sare batek bezalaxe, bazter guztiak lotzen ditu, eta Bilboko barrualdean zehar bidaiatzea jolas bizkorra da gaur egun. Metroak denbora-aurrezpen handia ekarri du hirian bizi direnentzat zein bisitan iristen direnentzat. Are gehiago, Bizkaiko hondartzarik ederrenetako batzuetara iristeko aukera ematen du metroak. Eraikin berria ez bada ere, Alondegia ere nahitaez bisitatu beharreko eraikina da. Ardo-biltegia izan zen garai batean, Ricardo Bastida arkitektoak estilo modernistan egindakoa. Philippe Starcken proiektu baten arabera berritu ondoren, aisiarako 15.000 metro koadroko kulturagune bikaina da gaur egun. Zinemak, gimnasioa, auditorioa eta erakusketa-gela ditu. Halaber, bisitariari ongietorria egiten dion Kulturen Ataria izeneko plaza bikaina du. Bertan, arkitektura-estilo desberdinetako 43 zutabe daude. Plaza horretatik, Eguzkiaren Terraza ikus daiteke (estalkian kokatutako igerileku garden ikusgarri bat). Eraikinen zerrenda luzea da, baina, guztien artean, Guggenheim Bilbao Museoa nabarmentzen da. Arteak kaleak hartu ditu hiriarekiko sinbiosi ezin hobe batean, eta Museoa da eraldaketa horren elementu nagusia.

Bilbo. Euskalduna Jauregia

Diotenez, Frank Gehry arkitektoa (haren izena Bilbori lotuta egongo da beti) Artxanda mendira igo zen egun batean, eta, tontorretik Bilbo ikusi zuenean, ‘horixe da lekua’ esan zuen. Handik aurrera, gauzak aldatu egin ziren. Gehry hain harrituta utzi zuen aireko ikuspegi hori denontzat eskuragarri dago 1915. urtetik aurrera mendira igotzen den Artxandako Funikularrari esker.

Guggenheim Museoak diseinu ausarta du. Nondik begiratzen den, itsasontzi bat, arrain bat edo lore bat dirudi. Museoaren aurrean, Louise Bourgeoisen armiarmak zirrara sorrarazten du. Ama irudikatzen duen eskultura horren sabelaldearen azpian jarriz gero, galdera eta sentimendu kontraesankor asko sor dakizkizuke (ala ez).

Bilbo. Guggenheim museoaren eta Iberdrola dorrearen ikuspegia itsasadarretik

Nolanahi ere, obrarik ikusgarrienetako bat da, eta museoko ikur bihurtu da, Jeff Koonsen Puppy txakurra bezalaxe, hau da, zentro artistikoko sarreran lorez estalita dagoen txakurkumea.

Museoaren barruan, bilduma iraunkor bikainak eta aldi baterako erakusketetako sorpresa ugariek bisitarientzako eskaintza erakargarria osatzen dute. Gainera, barruan ere protagonistak dira eraikina eta haren forma organikoak. Goiko pasabideetara igo eta bere osotasunean ikusten duzuenean, ulertuko duzue.

Beste behin bisitatu ondoren –eta ez nau inoiz nekatzen–, gauza desberdin bat egitea erabaki nuen: hiria uretatik, Nerbioi Itsasadarretik ikustea, piragua batean. Guggenheim Museoko titanioaren distiraz eta hirigintza-eraldaketaz gain, ingurumena berreskuratzeko lan sakona egin du Bilbok. Hiri osoa eta biztanle guztiak itsasadarrera begira jarri ziren azkenean, eta gaur egun paseo luzeak egin daitezke bazterretik. Hiri hau ezin da guztiz ulertu beti aldakorrak eta beti iraunkorrak diren ur hauen historia ongi ezagutu gabe.

Piragua bat alokatu nuen 10 euroren truk, eta Txomin ezagutu nuen orduan. Hark aukera guztiak azaldu zizkidan labur-labur. Bakarrik, beste batekin edo lagunekin ibil nintekeen, edota ibilbide gidatu bat egiteko izena eman nezakeen. Azken hori egitea erabaki nuen, gehiago ikasteko. Bidaia Itsas Museoaren ondoan hasi genuen. Bertan, segurtasun-arauak eta palari eragiteko modua azaldu zizkiguten. Eman zidaten neoprenoan sartuta (hozbera izaki), gidari tituludun batzuekin sartu ginen uretan. Zubi bakoitzean geldialdi bat egin eta oso istorio interesgarriak kontatu zizkiguten. Itsasadarreko uretan, eguzkiaren islek argi berezi bat ematen diete eraikinei. Izpi bat agertu, eta dena argiztatu egin zen, koloreek distira egiten zuten. Orduantxe dago Bilbo ederren, bere xarma guztiez harro agertuko balitz bezala.

Nire piraguatik, liluratuta begiratzen nion inguruari. Deustuko zubi azpitik igarotzean, merkantzia-ontzi handiak etortzen zirenean zubia irekitzeko erabiltzen zituzten poleez betetako bi tunelak ikusi genituen hurbiletik. Oooooh! batez miretsi genituen. Izugarria da uretatik ikusita, bai eta Iberdrola Dorrea, Guggenheim Bilbao Museoa, Isozaki Atea osatzen duten zazpi eraikinak (bi eraikin nagusiak hodeiertzean nabarmentzen direla), Calatravaren zubia (oso ederra azpitik) eta Udaletxea ere.

Bilbo. Puppy. Guggenheim museoa

Hiriko eraikinik enblematikoenetako asko ikus daitezke ibilbidean zehar, baina galdera gehien eragiten dituena eta argazki gehien jasotzen dituena San Mames da, Bilboko Athletic futbol taldearen estadioa. Taldeak ibilbide bikaina egin du historian, eta taldea bazkideena baino ez izatearen ohorea du, bai eta bertako jokalariez osatuta egotearena ere. Horregatik, klub bat ez ezik, gauzak nola egin behar diren erakusten duen erreferentzia bat ere bada.

Txominek azaldu zigunez, XIX. mendearen amaieran Bizkaiko portuetan lan egiten zuten ingelesak football izeneko kirolean aritzeko biltzen ziren. Garai hartan, kirol hori ia ezezaguna zen Penintsulan. Bilboko gazteengan kirol horrekiko interesa eta jokatzeko gogoa piztu zen, eta 1898. urtean Athletic Club taldea sortu zen, formalki 1901ean eratu bazen ere. Harrez geroztik, taldeak Historia egin du hainbat arrazoi direla-eta, horien artean, Ligan irabazitako zortzi tituluak azpimarratu behar dira. Aupa Athletic!

Ibilbidea amaitzeko, jolasean ibili ginen itsasadarreko ur garbietan. Elkar agurtu, eta txango bera gauez egitera itzultzeko agindu nion neure buruari. Horretarako, ostiraletan izaten da aukera.

Kirolak gosea eragiten du, eta ni, egia esan, Alde Zaharrean pintxo batzuk jateko irrikan nengoen. Alde Zaharra da guztiaren sorburua: Zazpi Kaleak, hiriko tradizio eta ezaugarri bereizgarri guztiak gordetzen dituen eta ezinbestez bisitatu behar den gune turistikoa. Piragua utzi eta elkar agurtu ondoren, hiriaren hazkuntzaren lekuko izan diren kale txikietara abiatu nintzen. Inguru aproposa da paseoan galtzeko eta pintxo tipiko batzuekin eta zurito batekin, kalimotxo batekin (ardoaren eta kolazko freskagarriaren arteko nahasketa da kalimotxoa, gazteek gehien eskatzen dutena), sagardo batekin, txakolin batekin edo Arabako Errioxako ardo on batekin gozatzeko. Edota 'Bilboko ura' eska daiteke, hau da, kopa bat cava. 'Hemen xanpaina ura bezala edaten delako' deitzen diote horrela bertakoek.

Pintxo eta trago batzuen ondoren, gozoren bat jateko gogoa etorri zitzaidan, eta zenbait aukera nituen. Carolina bat, adibidez. Merengea oso gustuko zuen alabarentzat asmatu zuen gozogile batek (merengez betetako saskitxo bat da). Neskak Carolina zuen izena, jakina, eta izen hori jarri zion gozogileak bere sorkuntzari. Gaur egun, oso ezaguna da hiriko gozodendatan. Nolanahi ere, nire gogokoena gurin-opila da, 'light-a’ ez bada ere, izugarri gozoa den kremazko "opil-suitzarra".

Carolina

25 urtean, industria-birmoldaketarekin, zerbitzu-hiri bikain bihurtu da Bilbo, eta goitik behera aldatu du bertako ekonomia. Eta ongi egin du hori guztia, zentzuz eta ahalegin handiz. Turista asko eta asko etortzen dira Bilbora bertako elementu erakargarriak ezagutzera. Hiri abegitsua da, eta hirigune historikoko kultura-aniztasunean ikus daiteke. Nolanahi ere, euskal arimak oso-osorik dirau.

Bilbok azala aldatu badu ere, iman batek bezala erakartzen duen espiritu hori bizi-bizirik dago. Bertako jendeari esker dirau. Bilbotarrentzat, beren Botxo maitea (Bilbo mendiz inguratuta dagoelako deitzen diote horrela) munduko hiririk onena da, eta horixe da bilbotarren ezaugarririk ezagunena. Harrotasun sakon hori dela-eta, txiste eta broma ugari sortu dira, eta bilbotarrek beraiek harro-harro kontatzen dituzte. Bilboko hiztegiak berak dioenez: "bilbotarra oso dotore janzten da, edozein aukera duenean Athleticeko kamiseta janzten du, harroputza da eta hiztegi berezia erabiltzen du". Bilbora egin ditudan bisitaldien ondoren, uste dut bilbotarrak hiria sakon-sakonean maite dutelako direla horrelakoak. Gainera, umore isekaria eta oso ironia fina dute. Bertakoek nortasun txirenea izatea deitzen diote horri (hau da, nortasun bromazale eta xelebrea). "Txirenekada" bat, adibidez, mundu guztiak jakin badakien gauza bat esatea izango litzateke: Jaungoikoa euskalduna zen, eta, gainera, Bilbon jaio zen.

Bilbo. Arena

Irudiak