ARITZ ARANBURU

SURFLARI

Zazpi urte besterik ez zituela, jada lehen olatuak hartzeari ekin zion Aritz Aranburuk (Zarautz, 1985). 2009an munduko hirugarren surflari onena izan zen, eta 2013an, berriz ere surf elitearen barruan sailkatzea lortu zuen. Kirolean izandako lorpenak direla eta, besteak beste, kirolari onenari Euskadi Saria eskuratu zuen 2007an. Txapelketa garrantzitsuenetan parte hartzea ez ezik, bidaiekiko sekulako pasioa du Aritz Aranburuk, eta bidaietan egindako bideo zein argazki ikaragarriak blog batean biltzen ditu, erreferentziako blogger bilakatu delarik. Olatu maiteekin eta surfarekin batera, kultura eta gastronomia aditua da, eta izugarri atsegin du bisitatzen dituen txokoen sekretu eta gauza erakargarriak ezagutzea, eta, zalantzarik gabe, baita bere lurraldekoak, Euskadikoak, ere.

Instagram
LinkedIn
Blog
Aritz Aranburu
GALDERA-SORTA
Ez dut Euskadi ezagutzen, nondik hasi beharko nuke nire bisitaldia?

Zarautzera hurbildu, malekoian barrena paseo bat emanez gozatu eta hondartzan bainua hartzea gomendatuko nizuke. Kostaldeko errepidetik jarraituko nuke ibilbidea, Getaria, Zumaia… aldera, eta baita Donostiara ere.

Euskal gastronomiaren platerik onena…

Oso zaila da hainbeste aukeren artean hautatzea, baina txuleta eder bat eta Getarian parrillan egindako edozein arrain fresko aukeratuko nituzke.

Zein da zure pintxorik gogokoena? Zuk egin ohi duzun baten bat agian?

Ogi txigortuaren gainean ahuakatea, tomate naturala, oliba-olioa eta Idiazabal gazta apur bat jarriz pintxo bat egin ohi dut. Asko atsegin dut, halaber, Parte Zaharreko A Fuego Negro tabernako McKobe mini hanburgesa.

Euskal musikaren aniztasun aberatsaren artean, zein da zure kantu eta/edo egile kutunena?

Izugarri atsegin dut We are Standard taldearen musika. Sarritan kointziditu dut haiekin eta harreman ona dut. Bestetik, beti izan dut Mikel Laboa musikariarekiko miresmen handia. Haurra nintzenetik entzuten dut bere musika.

Arteari lotutako zein txoko (eliza, museoa, eskultura…) ez nuke galdu behar Euskadi bisitatuz gero?

Arantzazuko Santutegia ikustekoa dela uste dut, bai eraikinagatik bai kokapenagatik. Museoei dagokienez, orain gutxi Donostiako Aquariumeko marrazoen artean igeri egiteko aukera izan dut. Esperientzia paregabea da, zalantzarik gabe. Izugarri gozatu nuen.

Esadazu zuretzat oso berezia den Euskadiko txoko bat, bertan galtzea atsegin duzun bat.

Urdaibaiko ingurune guztia oso berezia da. Ez Mundakako olatuagatik soilik, paisaien edertasunagatik baizik. Makina bat txoko daude galtzeko.

Haurrekin bidaiatuz gero, nora joan beharko nintzateke edo haurrekin zein jarduera egin nitzake?

Zarauzko hondartzara eramango nituzke surfean aritzeko aukera izan zezaten. Haurrek izugarri atsegin dute, itsasoarekin, naturarekin eta surf jarduerarekin harremanetan jartzen baitira. Gainera, familiartean gozatu daiteke plan honekin, edozein adinetan egin daitekeen kirola baita.

Zein aholku emango zenioke Euskadira lehen aldiz bidaiatzen duen pertsonari?

Gure kultura, ohitura eta tradizioekiko interesa agertzea eskatuko nioke. Ez dezala galdetzeko eta parte hartzeko beldurrik izan. Euskaldunoi partekatzea eta dugun onena ematea gustatzen zaigu. Esperientzia partekatu horri esker, oroitzapen ahaztezina eramango du.

Zeren hutsunea sentitzen duzu zure lurraldetik urrun zaudenean?

Familia eta lagunez gain, hemen ditugun aukera ugarien falta sentitzen dut. Bai aisia, kultura eta gastronomia aldetik ditugun aukerak, bai inguruneak eskaintzen dituenak ere. Etxean, esaterako, posible da goizean surfean aritzea eta arratsaldez mendian ibiltzea.

Zure ustez, Euskadiren gauzarik ederrena da…

Osotasunak eder egiten duela uste dut. Berezi bilakatzen duten gauza guztien batuketak ematen dio balioa. Xarma eta aniztasun handiko ingurunean bizitzeko zortea dugu. Hondartzatik hasi eta mendiraino, tartean lautada, basoak... direla. Eta hori guztia oso kontzentratuta dago, eta kultura, gastronomia eta aisia aukera oparoa da.

Kanpoko lagunen bat bisitan datorkizunean, zer erakusten diozu derrigor?

Beti atsegin dut Zarauzko malekoian barrena paseatzea eta kanpinaren ingururaino igotzea, nire ustez, kokapen eta ikuspegi ederrena baitu. Gastronomia zale amorratua naizenez, beti izaten da bazkari on bat Getarian edo afaria sagardotegi batean.

Euskadi noiz dago ederrago, udaberrian, udazkenean, neguan edo udan?

Urtaro bakoitzak bere xarma du. Hain zuzen, horixe da Euskadiren gauza ederrena, xarma izatea eta urte osoan zehar jarduerak eskaintzea. Nire kasuan, hondartza da horren isla. Jende gehienak udarekin lotzen du hondartza. Surflarientzat, ordea, gainerako urtaroetan izaten dira baldintza onenak.

Zein da Euskadiko zure festa edo ekitaldi gustukoena?

Asko daude eta zaila da bakar bat aukeratzea. Irailean ospatzen diren Zarauzko Euskal Jaiak aukeratuko nituzke. Haurra zarenetik gozatzen duzu jai horiez eta herri guztiak parte hartzen du.
Ekitaldien artean, Zarauzko surf txapelketen oroitzapen bikainak ditut. Haurra nintzen lehen txapelketak antolatu zirenean eta surflariei miresmenez begiratzen niela gogoan dut.