ARDOA, TXAKOLI ETA SAGARDOA

ARABAKO ERRIOXA

Mahastiak

Euskadiko hegoaldean, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillan, gorputz eta zapore bikaineko ardoak produzitzen dira. Arabako Errioxa Kantabria eta Toloñoko mendilerroek osatzen duten eta Arabako gainerako lurretatik bereizten duen harresiak mugatzen du iparraldean, eta Ebro ibaiak hegoaldean. Eremu horretan, oso kalitate oneko mahastiak daude.

Marqués de Riscal

Upeltegi gehienak Guardia inguruan eta Eltziegon (ardoaren hirian) kokatzen dira. Eltziegon, nazioarteko ikono bihurtu da Frank O’Gehryk diseinatutako Marqués de Riscal upeltegia. Upeltegi horrek ardoterapiako spa bat eta jatetxe esklusibo bat du, eta antzinako Marqués de Riscal upeltegiaren edertasuna areagotzen du. Ikustekoak dira hotelaren kanpoalde metalikoetan islatzen diren ilunabarrak, eta edertasun hori ospatzeko, Arabako Errioxako ardo on bat baino gauza hoberik ez dago. Gainera, inguruko hotel-eskaintza zabala da: hotel txikiak, xarma handiko landetxeak edota luxuzko hotelak, gustu eta patrika guztien neurrikoak.

Ardo-dastatzea upategi batean

Denak aproposak dira egun batzuetan ardoaren kultura aberatsaz eta, jakina, euskal sukaldaritzako plater gozoez gozatzeko. Ahalik eta ardo gehien dastatzeaz gain, beste aholku bat nahi? Bisitatu Guardiako Villa Lucía Ardoaren Erakustokia; ardoaren kultura sakonean ezagutzeko aproposa da. Bisitaldi gidatuaren amaieran, 4Dko film labur bat ikus daiteke (bai, bost zentzumenak piztuko dizkizu). Film horretan, ardoaren eta bere historiaren eta bitxitasunen inguruko erabateko esperientzia batean zehar gidatuko zaitu Vinfo izeneko iratxoak.

SAGARDOTEGIA

Euskadin, sagardoa produzitzeko ohitura antzina-antzinakoa da. Euskal sagardoa Gipuzkoako baserrietan egiten da batez ere, eta bertako sagarrak erabiltzen dira horretarako.

Sagardoaren ekoizpen prozesua

Ondoren, sagardotegi-dolareetan dasta daiteke, pentsa daitekeen menurik gozoenetako batekin: bakailao-tortilla, bakailao frijitua piper berdeekin, txuleta, Idiazabal gazta irasagarrekin, intxaurrak, eta, jakina, sagardoa txotxean.

Sagardotegia

Sagardoa ateratzeko modua da txotxa, baita ozen esaten den hitza ere. Otordu osoan, mahaitik altxatu beharra dago sagardoa kupeletik hartzeko. Kupeleko zulo batetik, sagardoa urrutira eta indar handi samarrez irteten da, edalontzian leher dadin. Onena 50 zentimetro inguruko altuera batetik erortzen uztea da, anhidrido karboniko endogenoa irten dadin eta, era horretan, aromarik onena lor dadin. Sagardo bila joan beharra oso gauza ona da, edaten dena kontrolatzen baita horrela. Hala ere, sagardotegira joan ondoren, siesta da aukerarik onena.

Txotx

Euskal sagardoa gainerakoak baino mikatzagoa da, eta hotzago hartzen da; horregatik, oso gozoa eta freskagarria da. Sagardo-uzta berria urtarriletik apirilaren amaierara arte hartzen da sagardotegian; botilan, berriz, urte osoan edaten da, eta edaririk hedatuenetako bat da. Hori dela-eta, sagardoak bere museoa du Astigarragan: Sagardoetxea, Euskal Sagardoaren Museoa. Aholku bat nahi? Hitz egin sagardogilearekin eta gainerako mahaikideekin. Sagardotegiko solasaldietan bizitza osorako lagunak egiten direla esan ohi da.

TXAKOLINA

Ez du beste ezein ardoren antzik; nortasun handiko ardoa da. Txakolina produzitzeko erabiltzen diren mahats berdeak duela mende batzuk hasi ziren landatzen, eta batez ere Kantauri Itsasora ematen duten mendien hegaletan hazten dira, eta, zenbaitetan, itsaslabarren ertzetan eta lekurik ezkutuenetan ere, labirinto-itxurako mahastietan. Araban, berriz, eremu lehorragoetan hazten dira.

Txakolinaren mahatsa

Ardo mota hau ematen duten bi mahatsondo nagusiak bertako bi barietate dira: Hondarrabi Zuri eta Hondarrabi Beltza. Txakolina produzitzeko, prentsatze- eta hartzidura-teknologiarik modernoenak erabiltzen dira. Haiekin lortzen den ardoa txinpartadun samarra da, eta zapore bikaina du; ahosabaian lehertzen da, eta fruta-gustua uzten du ahoan. Bakarrik hartzeko aproposa da, baina arraina edo barazkiak jaten laguntzeko ere egokia da.

Txakolin mahastiak

Hiru jatorri-deitura dasta daitezke: Getariako Txakolina jatorri-deitura, Bizkaiko Txakolina jatorri-deitura, eta Arabako Txakolina jatorri-deitura.

Bizkaiako Txakolina

Aholku bat nahi? Bisitatu txakolindegi bat gauez. Edo edan kopa bat Euskal Kostaldeko itsaslabarren ondoko txakolindegi batean, itsasoari begira. Barreak mahasti osoan entzungo dira. Ez da txantxa: ardo alaia da benetan.