ARANTZAZUKO SANTUTEGIA

Arantzazuko Santutegia

Oñatiko hiribildutik 10 kilometrora, munduko erlijio-eraikinik abangoardistenetako bat dago. Kondairak dioenez, eta irudi txiki bat da horren lekuko, Rodrigo Balzategi artzainari Ama Birjina agertu zitzaion elorri zuri batean 1469an. Artzainak, harrituta, honako hau galdetu zion Ama Birjinari: "Arantzan zu?". Hori guztia sakanez betetako landaredi oparoko haran batean gertatu zen, eta santutegi bat eraiki zuten bertan, poliki-poliki hazi eta elizkoiez bete zena.

Apostoluak. Arantzazuko Santutegia

Sortzaileen artean, Oñatiko Santa Maria ermitako serora Juana Arriaran aipatu beharra dago. Emakume ikasia zen, eta, ziotenez, sendatzaile ospetsua izan zen; garaiko erreginek ere eskatu zituzten haren zerbitzuak. Santutegitik hurbil bizi zen, sendatzeko zuen dohaina bertara iristen ziren erromesei eskaintzeko. Handik mende batzuetara, 1951. urtean, leku hartan basilika bat egitea erabaki zen, erlijio-leku haren espiritu osoa biltzeko. Obra hura, ordea, ez zen horretara mugatu. Aitzitik, benetako iraultza sortu zuen gizartearen, Elizaren eta artearen barruan.

Beirateak. Arantzazuko Santutegia

Eliza berria egiteko proiektuen artean, Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorgarena izan zen garailea. Bi arkitekto horiek proiektuan euskal artista garrantzitsuenetako batzuk parte hartzea lortu zuten. Arantzazuko Santutegira iristea zirraragarria da. Harkaizti batetik esekia, dotore ageri da. Elizako bi dorre bikiak, alde batean kanpandorrea dutela, diamante moduan tailatutako kareharrizko blokeetan daude landuta. Infernuko atea deitutakoa Eduardo Chillidaren lana da; burdina forjatuzkoa eta estilo abstraktukoa da. Jorge Oteiza eskultoreak fatxadako 14 apostoluen eskulturak egin zituen, eta kriptako pinturak, berriz, Néstor Basterretxearenak dira. Haien artean, gorriz pintatutako Kristoa bereziki azpimarratzekoa da.

Ama Birjinaren aldareko absidearen dekorazioa. Lucio Muñozen erretaula

Elizaren barruan, bereziki nabarmenak dira Lucio Muñozek egindako erretaula erraldoia eta arkitektoek landutako argi-jokoa, argia harritik bertatik irteten dela irudikatuz. Andra Mari txikia distiratsu ageri da goialdean, eta are hauskorragoa dirudi inguratzen duen handitasuna dela-eta. Hala ere, hari esker, erlijiogune berezi honek askatasunari eta arteari kantu egiten dio, eta, bere goitik beherako modernotasun ikaragarriaren bidez, Euskal Herrian beharrezkoa zen gizarte-aldaketa ahalbidetu zuen.