NATURA

ALTXOR BERDEA
BASOAREN ETA ITSASOAREN ARTEAN

Zaintza berezia jasotzen duten zuhaitz bitxiak, baso itxiak, beti adi dagoen itsaso harroa eta gure planetaren sorreraren berri ematen duten sedimentu erraldoiak (itsaslabarrak). Fantasiazko eleberri baten hasiera dirudi, baina Euskadiko ondare natural aberatsaren zati bat baino ez da.

Urdaibai

Euskadi Kantauri Itsasoaz, mendiz eta basoz inguratuta dago, eta altxor berde eta urdina da natura maite dutenentzat. Itsasoan nabigatzea, belardietan galtzea, hondartzez gozatzea edo mendira igotzea esperientzia atsegina da beti. Klimatologia aldakorraren ondorioz, zerua aldatu egiten da noiznahi, itsasoaren eta mendilerroen jolasen arabera. Horregatik, hemen ikusten den zerua ikuskizun handia da berez. Ezagutu beharreko bitxitasunez beteta dago.

Flyscha

Adibidez, Debaren eta Zumaiaren arteko kostaldean sedimentu-formazioez osatuta dagoen Flyscharen Ibilbidea eginez gero, Paleozenoko sekzioak ikus daitezke argi eta garbi. Altxor fosil honen edertasunak ez du parekorik munduan, zientzialarien zein turisten gozamenerako. Halaber, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba nabarmendu beharra dago. Landaredia eta baserriak daude han eta hemen, eta herri ugari bisita daitezke, zein baino zein ederragoa.

Urdaibai

Baso-masak lurraldearen % 52 baino gehiago hartzen du. Zuhaitzak gustuko dituztenentzat, babes berezia duten Euskadiko zuhaitz berezienen deklarazio bat dago. Zuhaitz horien artean, honako hauek azpimarra daitezke: tamaina eta edertasun handiko Ondategiko (Zigoitia, Araba) haritz kanduduna (Quercus robur), Hernaniko Eguzki Parkean (Gipuzkoa), Zaharren Etxearen ondoan dagoen ginkgo erraldoia (Ginkgo biloba), edota Gaubean (Araba) kokatuta dagoen Angostoko Andre Mariaren santutegiaren inguruetako hagina (Taxus baccata).

Ibilaldia bizikletaz

Azken zuhaitz honen azpian, batzarrak egiten zituzten antzina Gaubeako haraneko zaldun kapareek. Altxor natural hau ezagutzeko, aukera onena itsasontziz, zaldiz edo kayakez egin daitezkeen paseoak, mendi-ibiliak eta bizikletaz egiteko ibilaldiak dira. Hain kirolariak ez direnek nahikoa dute autoa eta mapa bat izatea. Zenbaitetan, orografia malkartsua dela-eta, ibilbidea abentura bihur daiteke, eta fantasiazko eleberri bateko protagonista sentituko zara. Naturaren oparotasunak betirako oroitzapen bilakatuko du bidaia. Estres oro ahazteko, natura sentitzea bezalakorik ez dago. Zalantzarik gabe, itzuli nahi izango duzu, gauza gehiago ezagutzeko (eta sentitzeko).

Irudiak